MUSIKA

D’Valentina, Yawners eta North State, Bilboko itsasadarrean

BBKLive Bereziak kontzertu-sortaren baitan, D’Valentina, Yawners eta North State taldeak  Bilboko itsasadarretik ibiliko den itsasontzi batean arituko dira, larunbatean. Estatuko talde eta artista gazteak dira, eta haietariko bakoitzak 15 minutuko emanaldia egingo du hiru txangotan, 12:00etan, 13:00etan eta 14:00etan. Itsasontzia Pio Baroja moilatik aterako da.

Hala, antolatzaileek eskaintza anitza ondu dute, trap, punk-pop eta elektronika nahastuz. D’Valentinak trap, r’n’b eta new dancehall estiloetako erritmoak uztartzen ditu. Yawners taldeak 1990eko hamarkadan sustraitutako punk-pop doinuak jotzen ditu. Hedabide espezializatuetan oso harrera ona izan duen single bat argitaratu du, eta egun estreinako LPa ari da prestatzen. Azkenik, North State-k pop elektronikoa egiten du, James Blake, King Krule edo Flume artisten eraginpean. Aurtengo Primavera Sound jaialdi prestigiotsuan jo du.

Antolatzaileek iragarri dutenez, biharko musika deskubritzeko parada egokia da, etorkizun dirdiratsua baina oraindik diskorik ez duten hiru artista gazteren eskutik.

Ekimenaren bigarren edizioa izango da aurtengoa. Iazkoaren berri izateko, ikus ezazue behean txertatutako bideoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button