LITERATURA

“Duvoisin kapitainaren malura”, Kepa Altonagaren lan berria kaleratu da

Pamiela argitaletxearen eskutik, Duvoisin kapitainaren eta Bonaparte printzearen arteko tira-bira dakar bere lan berrian Kepa Altonagak. Bertan, kapitainaren eta printzearen arteko liskar horren usadiozko interpretazioa era konbentzigarri batean irauli egiten du Altonagak.

Idazlearen ustez, ohikoa omen da Duvoisin kapitaina heroi handia bailitzan aurkeztea, Biblia osoa lapurterara  itzuli baitzuen. Eta Bonaparte printzea ostera, euskal kulturaren bultzatzaile “probidentzial gisa aipatzea”.  Hala, betiko irakurketa hori ezbaian jartzea izan da Duvoisin kapitainaren malura liburu honen abiapuntua.

Idazlearen aburuz, “uste denaren kontra, soka-tira gogorra gertatu zen Bonaparte printzearen eta Duvoisin kapitainaren artean, Duvoisin itzultzaileak argi ikusten baitzuen ezinbestekoa zela prosa supradialektala euskarari proiekzio kulturalik txertatzekotan. Duvoisinek, literatura euskaraz egin nahi du”, argitu du Altonagak. Printzearen gainerako korrespontsalek ere soka-tira horixe bera bizi izan zutela azaleratzen digu Altonagak saiakera honetan, hala nola Klaudio Otaegik, Johane Arxuk eta Uriarte frantziskotarrak. Nolanahi ere, “Bonaparte printzearen itzala luzea da, eta bizi-bizirik igar dezakezu euskararen munduan ugaritzen ari diren hainbat adierazpide antikulturaletan”.

Kepa Altonaga Sustatxa (Loiu,1958) biologoa eta idazlea da. Goi mailako dibulgazioaren esparruan hainbat saiakera lan ditu argitaratuak eta hainbat ikerlan eta unibertsitate mailako testu-lanak ere. 2016an, Elhuyar Merezimendu Saria jaso zuen euskarazko zientzia eta teknologiaren kulturan egindako lanarengatik eta berriki jaso du 2018ko Euskadi Literatura Saria “Patagoniara Hazparnen barrena” saiakera lanarekin.

http://pamiela.com/index.php/eu/saio-2/upaingoa-euskaraz/duvoisin-kapitainaren-malura-detail

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button