ESZENA

Geuretik Sortuak proiektuaren bigarren edizioa

Iragan den Durangoko Azokan Udalbiltzak Geuretik Sortuak proiektuaren bigarren edizioa aurkeztu zuen. Guztira 22 proiektu (komikia, literatura, zinema eta antzerkia) Euskal Herri osoan zehar arituko dira biran datozen hilabeteetan.

Eta ostiralean hasiko da Geuretik Sortuak-eko bigarren edizioaren zirkuitua, eta estreinaldi batekin hasiko da, Jon Ander Urrestiren Eukalyptus antzezlanarekin. Aulestin izango da estreinaldia, arratsaldeko 19:00etan, eta igandean, Antzuolan errepikatuko da ekimena.

Jon Ander Urresti sortzaileak 2022ko Durangoko Azokaren Sormen Bekea irabazi zuen Eukalyptus proiektuari esker. Urrestik azaldu duenez, antzezlan berri honen helburua eukaliptoaren errelatoa kontatzea izango da. “Zerbaitek esaten dit baduela zer esan gutaz. Azken finean gure paisaiaren parte da. Eta hau bilatzeko bide eta forma eszenikoa erabiliko da, antzerkitik eta dantzatik gertu kokatu nahi dudan poetika batean. (…) Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartu nahi da, zalantzak sortu, nire ustez hau baita artearen funtzioa. Gure inguruarekin erlazionatzeko dugun moduak gure izaeraz, gure garaiaz, gure joerez eta gatazkez hitz egiten duelako”.
Bermeotarrak azaldu duenez, “periferiako gai eta zalantzak plazan jarri nahi ditut, euren garrantzia politiko eta urgentziaz hausnartzeko asmoz. Beti ere hurbilketa garaikide batekin”.

Beka irabazi zuenenean epaimahaiak honako hau esan zuen: “proiektuak lehenengo kolpean ezustea, ezinegona eta harridura sortu zigun. Eukaliptoaren zabalkundearen metaforarekin harilkatu ditu egileak gogoeta berean monokultiboa, faxismoa, eta egun gure jendarteak kolpatzen dituzten kezka sozialak eta erronkak. Hain zuzen ere, planteamenduak guregan sortu duen mugimendu hori publikoarengan ere sor lezakeelakoan gaude. Funtsean, gaiaren originaltasunak arrastoa utzi digu: eukaliptusari emandako balio metaforiko aberatsak, eta bertatik abiatuta gaurkotasunari lotutako hainbat gai jorratzeko testuinguru berezia sortzeko gaitasunak”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button