MUSIKA

Durangoko Plateruenan “Musik On” jaialdiaren lehen urteurrena

Otsailaren 7 eta 8an, Durangoko Plateruenan Musik On jaialdiaren lehen urteurrena ospatuko dute, eta horretarako makina bat kontzertu antolatu dituzte gaurko talde potente batzuen parte hartzearekin.

Hala, gaur berton, otsailak 7, State Alerta igoko da oholtzara bere azken diskoa aurkeztera. Ostean, Zaragozatik helduta, Animales Muertos taldeak joko du. Eguna amaitzeko, Madriletik datorren Peligro taldeak joko du.

Eta bihar, otsailak 8, larunbata, egun borobila. Portugaleko hardcorea zertan den jakiteko For The Gory taldea entzun beharko duzue. Gero metal eta hardcore esparruko Euskal Herriko taldeak arituko dira: Klown (Durango), A.D (Markina), Holy Txala (Urduliz) eta Eraso! (Zarautz). Azken talde horrek  musika esanguratsua egiten du. Bere Inoren Lurretan EPan taldeak 1990eko hamarkadan iltzatuta thrash metal doinuak bildu ditu, baina baita pop-rock estiloko kantu bat ere, Kokein taldeko Zaloa Urainek abestua. EPak, guztira, sei doinu biltzen ditu, sendoak eta hitz kritiko eta sakonekin osatuak. Grabazio hori autoekoizpena izan da, eta Eñaut Gaztañaga teknikariak grabatu zuen Gaztain Estudioetan. Gaztañaga eta taldekideak, halaber, produkzioaz arduratu ziren. Masterizazioa Estanislao Elorzak egin zuen Doctor Master estudioetan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button