IKUS-ENTZUN

“Film Sozialak Jaialdia” gizarte-eraldaketarako tresna

Zinema, gizarte-eraldaketarako tresnatzat hartu ahal dela erakutsiko da beste behin, Bilbon antolatzen den  8. Film Sozialak jaialdiarekin.

Bilboko Film Sozialak 2016 Nazioarteko Zinema Ikusezineko 8. Jaialdia hasita dago honezkero eta hainbat herritan ikusteko parada egongo da hemendik aurrera (Barakaldo, Bilbo, Erandio, Elorrio, Mungia, Gasteiz,…). Guztira izaera sozialeko 85 obra dira munduko 47 herrialdetatik iritsitakoak, kultura eta komunikazioa gizartea eraldatzeko tresnak direla sinesten duten pertsona guztiak elkartu eta engaiatzeko modukoak.

J. Carlos Vázquez zuzendariak honela adierazi du ekimenaren izpiritua: “Ez dago zertan aditua izan konturatzeko ez direla garai onak giza garapen parekide eta iraunkorrerako, ezta haren balioetarako ere. Aski da egunkariren bat begiratu edo albistegiren bat ikustea, ohartzeko hamaika direla konpontzeko ditugun arazoak. Gauzek desberdinak behar lukete, izan daitezke, eta halaxe erakutsiko dizkigu Bilboko Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak. Bertan, Siriako errefuxiatuen lekukotasunak ikusiko ditugu; aberastasunaren banaketa bidezkoagorako egitasmoak ezagutuko ditugu; historiako lehen emakume-greba gogoratuko dugu, Londresko East Endeko poxpologileena; Dapsang edo Choporira (K2), munduko bigarren mendirik altuenera igoko gara, bidean zamaketarien lan-baldintzak ezagutuz, eta emakume baserritarrei euren egunerokoan lagunduko diegu, besteak beste”.

Musika, ekitaldi paraleloak, eta filma interesgarri asko ikusteko parada ederra izango duzue datozen asteetan. Programazio guztia KCD ONGD webgunean duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button