MUSIKA

“Musika-Música” Jaialdia egunotan egingo da

Musika-Música Jaialdiaren XXI. edizioa martxoaren 4an, 5ean eta 6an egingo da Bilbon, eta Natura lemapean antolatu da. Kontzertuak Euskalduna Jauregian, Azkuna Zentroan, EHUko Bizkaia Aretoan, eta lehenengo aldiz, Arriaga antzokian izango dira.

Jaialdiak 70 emanaldi inguru eskainiko ditu hiru egunotan, eta aldi honetako berrikuntza nagusia zera da: gaia bera, Natura, ez da izango garai jakin batekoa soilik, baizik eta ibilbide bat Berpizkundean hasi eta gaur arte, musika- eta eszena-adierazpen garaikideenetara arte. Ondorioz, errepertorioan ez dira faltako Vivaldiren Lau urtaroak, Richard Straussen Alpetar Sinfonia eta Beethovenen Pastorala, Sain Saëns-en Animalien Inauteria, Mahler-en Lurraren Kantua edo Copland-en Apalachian Spring.

Martxoaren 4an, 19:00etatik aurrera, jaialdiari hasiera emango zaio kontzertu eder batekin: Haydin-en Kreazioa, Robert Howarth-ek zuzenduta eta Bilboko Koral Elkartearekin eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera.

Familiek Musika-Música planean aurkituko dute eskaintza bi proposamen hauekin: Azkuna Zentroan Ama Lurra emango da, Companyia del Princep Totilauren musika- eta antzerki-ikuskizuna. EHUko Bizkaia Aretoan, Deshaciendo nubes sorkuntza-esperientzia eskainiko da, Monica Rodriguez Curielek zuzenduta.

Beste aldetik, jaialdiak musika klasikoaren zabalkundea egiteko eginkizunean interpretatzaile gazteei laguntzearren, gune bat erreserbatu du EHUko Bizkaia Aretoan, EHUko ikasleen orkestraren aurkezpena nabarmentzeko, alegia, EHUko Orkestra Sinfonikoarena: martxoaren 5ean izango da emanaldia, 13:00etan, Haendel, Respighi, Grieg eta Bach biltzen dituen errepertorioa eskaintzeko.

Martxoaren 5ean, Kantamundi programa aurkeztuko da, Bilboko Koral Elkartearen eta Musika-Músicaren ekimenez, eta hala, hainbat ikastetxek parte hartuko dute bertan, xedetzat harturik abesbatza-sare bat sortzea eta kognizio-, afektu- , sormen- eta ikasketa-gaitasunak sustatzea.

Musika-Música jaialdiak orkestra sinfonikoak, orkestra barroko nazioarteko ospedunak, laukoteak, hirukoteak, instrumentu-jotzaileak eta ahotsak bilduko ditu; gutxi gorabehera, 1.300 musikari ospetsu eta berriak, eta guztiak izango dira agertokietan, hiru egunean zehar, gustu eta publiko mota guztientzako proposamenekin.

Zinema ere ez da faltako eta hiru saio eskainiko dira, lehena martxoaren 4an, ostiralarekin, Jaialdiaren hasierarekin batera. EHUko Bizkaia Aretoan, mahai-inguru bat izango da, Cesar Coca kazetariak zuzenduko duena. Bertan zinemako soinu-banden konposatzaileek parte hartuko dute, hala nola, Angel Illarramendik (Tasio), Fernando Velazquezek (Lo imposible) eta Nerea Alberdi konposatzaileak.

Egitarauaren xehetasun guztiak jaialdiaren webgunean daude eskura.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button