MUSIKA

Duhaldek “Ibilean” zuzeneko diskoa argitaratu du

Anje Duhaldek (Arrangoitze, Lapurdi, 1950) 40 urte daramatza diskoak grabatzen eta agertokiaren gainean zuzenean jotzen. Izan ere, bere iritziz zuzenean jotzeko jaio den musikaria da.

Hala, azken hamarkadan talde berdinarekin aritu da emanaldiak egiten: Iñigo Telletxea beratarra (baxua), Remy Gachis uztariztarra (gitarra), eta Txomin Duhalde semea (bateria). Musikariok eta bere entzuleak eskertzeko, Bilboko eta Ondarruko Kafe Antzokian grabatu du lapurtarrak Ibilean. Horretaz gain, azaldu du grabazio honekin bere ibilbidearen fase bat amaitzen dela.

Duhaldek gaur aurkeztu du zuzeneko lan berria Bilboko Kafe Antzokian. Ondoan, Anjel Valdes Elkar argitaletxeko ordezkaria izan du. Musikaria ez ezik, eragile kulturala ere badela Duhalde esan du Valdesek, lapurtarrak Bilboko Kafe Antzokiarekin duen loturaren harira. Musikari gisa, “zuzeneko animalia” dela nabarmendu du Elkar argitaletxeko kideak. “Nirea ez da estudioan sartzea, zinez; gaizki pasatzen dut. Beraz, zergatik ez eskaini zuzenekoa zaleei?”, azaldu du lapurtarrak. Duhaldek beste hiru disko grabatu ditu zuzenean, haietariko bat Errobirekin, Bizi bizian. Bakarka plazaratu duen azkena 1993. urtekoa da, Zuzenean.

Zuzenean grabaturiko azken lan horrekin alderatuta, gaur aurkeztu duen hau nahikoa ezberdina da. “Ez nuen gauza bera errepikatu nahi; ez zuen logikarik”. Hala, zenbait kantu moldatzea erabaki zuen eta hastapenetako zein azken lanetako kantuak bildu ditu, tartean, Errobiren kantu bat, herri kantu bat eta asko miresten duen John Hiatt musikari estatubatuarraren bi kantu. Diskoan, soinu elektrikoak eta akustikoak tartekatzen dira, eta Duhaldek adierazi duenez, Xabier Amurizaren eta Daniel Aldaren laguntza ezinbestekoa izan du lan hau ontzeko. Zuzenekoa maiatzaren 13an egingo den Herri Urratsen aurkeztuko du aurrenekoz.

Disko honekin fase luze eta oparo bat amaitzen dela azpimarratu du. Horren harira, kazetari batek galdetu dio ze asmo duen etorkizunari begira. “Zuzenean jotzen jarraituko dut, uzten banaute”, erantzun dio umoretsu. Jarraian azaldu du, tonu serioago batean, soinu akustikoak jorratu nahi dituela, “beti izan naiz 70eko hamarkadako folkaren zalea”. Horretaz, gainera, kantu tradizional batzuk ere berreskuratu nahi dituela azaldu du. “Gero eta transmisio gutxiago dago, hortaz, norbaitek egin beharko du lan hori”, amaitu du esaten.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button