ESZENA

“Dublindarrak” antzezlana, Andoaingo Bastero Kulturgunean

Ados Teatroak, Garbi Losadaren zuzendaritzapean, James Joyceren Dublindarrak lan klasikoa oholtza gainera eroango du Andoaingo Bastero Kulturgunean gaur ostirala, urriak 5, 21:30etan.

Literatura unibertsaleko kontakizun hoberenetakoa izan arren, antzerkirako oso gutxi jaso ditu liburu horrek. James Joyceren Dubliners lan klasiko ederra John Hustonek eraman zuen zinemara modu bikainean. Orain, Garbi Losadaren zuzendaritzapean, Ados Teatroak moldatu du Asier Hormaza, Naiara Arnedo, Asier Sota, Iñake Irastorza, Klara Mendizabal, Isidoro Fernández, Lierni Fresnedo eta Aitor Beltran artisten bidez, bestelako gorputza eta giroa emateko.

Liburuaren trama Dublinen kokatzen da, 1904. urteko Errege egunean. Itxuraz sinplea den kontakizunak, sakonean, Irlandak garai hartan bizi zuen paralisi moral eta espirituala dauka mintzagai. “Metaforikoki hildakoen lurralde bezala erakusten digu herrialdea, non oroitzapenak egunerokotasuna baino biziago dauden eta hildakoek bizidunak menderatuta dauzkaten. Honen arabera, 1904.urteko gizartean bukaerak hasierak baino ugariagoak dira eta bizitza desagertzera kondenatutako bide bat besterik ez da. Hildakoak ez dira hilik daudenak soilik, pasioz bizitzen jakin ez dutenak, jolas eta limurtzeetan galdu direnak eta beren mundua erori eta erremediorik gabe atzetik erori direnak baizik”.

Agus Perez antzerki kritikariaren ustez, “aspaldian ikusten ez genuen antzezlan ederretariko bat oparitu digute.”

http://www.adosteatroa.com/dublindarrak

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button