Nontzeberri

Dr. John, Anka eta Chucho Valdés, Gasteizko Jazzaldian

Uztailaren 16ra arte iraungo du Gasteizko Jazzaldiaren 38. edizioak; aurten, askotariko artista entzutetsuak igaroko dira Mendizorrotza kiroldegian agertokitik, tartean, Dr. John, Paul Anka, Chucho Valdés eta Orquesta Buena Vista Social Club.

Gaur bertan, uztailak 15, Chano Domínguez y Niño Josele Chano y Josele lana aurkeztuko dute, estreinakoz; bikoteak jazza eta flamenkoa fusionatuko ditu. Horrekin batera, New York hirian bizi den Darcy James Argue konpositore eta zuzendari kanadarra 18 laguneko Secret Society bandarekin arituko da.  Adituen aburuz, “Darcy James Argue big band formatua berrasmatzen ari da, XXI. menderako”.

Asteazkenean, hilak 16, Noa musikari israeldarra eta Miguel Poveda flamenkoa izango dira; biak ala biak musika aski ezagunak.

Ostegunean, hilak 17, New Orlean hiri zingiratsuko Dr John bluesman handiaren tanda izango da, eta estatubatuarrak Louis Amstrong jazz musikari mitikoa omenduko du Aurretik Trombone Shorty & Orleans Avenue arituko dira.

Ostiralean, Paul Anka musikaria eta konpositoreak Rock Swings diskoa aurkeztuko du. Ankak rock klasikoak hartu eta big band formatura eraman ditu, disko horretan: Bon Joviren It’ my life, REM taldearen Everybody Hurts, edo Oasis ingelesen Wonderwall, besteak beste.

Azkenik, larunbatena, erritmo beroak haizatuko dituzte Chucho Valdés & The Afro-Cuban Messengers-ek eta Orquesta Buena Vista Social Club-ek; azken horien emanaldia AdiosTour biraren baitan egingo da; hau da, agur esateko ondu duten mundu-bira.

Informazio guztia: jazzvitoria.com.

Exit mobile version