Nontzeberri

Dora Salazar artistaren “Inspiración. Espiración. Expiación” erakusketaren azken egunak

Dora Salazar artistak  Inspiración. Espiración. Expiación erakusketa abiatu zuen joan den urtearen hondarretan Nafarroako Museoan. Altsasuko artistak giza gorputzari eta kritika feministari buruz landuriko obraren erakusketa martxoaren 24an amaituko da; hortaz, azken egunak dituzue bere hausnarketa artistikoak ikusteko.

Inspiración. Espiración. Expiación erakusketak “collage eta birziklapenaren bidez, giza gorputzaren bere interpretazioa marrazkietan, eskulturetan eta instalazioetan irudikatu nahi du”, izan ere, artistaren esanetan “gorputza gauza ororen neurria da, koreografo bat bezala ikuskizun bat proiektatzerakoan”. Gorputzaren bidez, “genero ikuspegi baten nortasuna bilatzen du, artista batek gizarte honetan duen zeregina zalantzan jarriz”.

Bere lanak, zenbait kasutan, zintzilik agertzen dira eta bestetan, aldarean, edo erretauletan lehentasunezko lekuak okupatzen dituzte. Horiek guztiek giro bat sortu nahi dute, bizipen estetiko, sentsual eta intelektualeko giro bat, aurrekoa eta eremu berria fusionatuz, hor betidanik egon direla uste ahal izateko.

Dora Salazar (Altsasu, 1963) Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren fakultatean ikasitako artista plastikoa da. 1985ean bere lehenengo erakusketak eskaini zituenetik, etengabe agertu da bilduma pribatuetan eta publikoetan.

Exit mobile version