LITERATURA

“Zuria naiz eta speak white esaten didate”

Bartzelonako Euskal Etxean, bihar, maiatzak 12, Koldo Izagirrek Zuria naiz eta speak white esaten didate hitzaldia botako du. Hitzaldia eguerdiko 13:00etan izango da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta 20:00etan Euskal Etxean.

Koldo Izagirrek Autopsiarako Frogak (Susa) saiakera aurkeztu zuen joan den urtearen hondarretan. Bertan euskararen hilketa programatua iragarri zuen. Hala, artseniko aztarnak gure hizkuntzan azpititulua duen lanean, aurrez pentsaturiko asasinatze linguistiko horren arrazoiak argudiatu ditu zorroztasun handiarekin.

Liburuaren atzeko azalean jasotzen denez, zapalketa gogorra ari gara kontatzen euskaraz egiten dugun aldiro, Egoera hori aztertzeko sasoi, lurralde eta esparru askotako gertaera, idazki eta dokumentuak jorratu ditu Izagirrek bere lanean.
Horretaz ere arituko da, seguruenik, biharko hitzaldian.

“Euskaraz egitea, tu egitea da. Garbitasuna zikintzea, normaltasuna apurtzea. Hizkuntza da, baina ezintasunaren eredu. Gaztelania ez zaio inoiz inori inon inposatu; Errege batek esana da, eta ez da euskarari eginiko agresioa hala ere. Euskaraz mintzatzean (demokratek emandako) eskubide bat gauzatzen ari gara. Zenbat horrelako! Zapalketa gogor bat ari gara kontatzen euskaraz egiten dugun aldiro. Herri izatearen froga eta kontzientzia ematen digu euskarak. Bizi garelako froga.”

Koldo Izagirre Urreaga (Pasaia, 1953) euskal idazle oparo, goraipatu eta berritzaileenetako bat da. Literaturaren genero guztiak landu ditu bere idazlanetan: poesia, elaberrigintza, ipuingintza eta saiakera. Hainbat euskal autore klasiko beste hizkuntzetara itzuli ditu, eta literatura unibertsaleko lanak euskaratu ere bai. Helduentzat egindako literaturaz gain, haur eta gazteentzat ere zenbait lan idatzi ditu. Prentsan maiz artikuluak plazaratzen ditu, eta telebistarako eta zinemarako gidoilari lanetan ere aritu izan da.
Esan bezala, plazaratu duen azken lana Autopsiarako Frogak izan da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button