MUSIKA

Donostikluba Festibala garatuko da Intxaurrondon asteburuan

Bihar urriaren 3tik hilaren 5era bitartean, musika urbanoaren jaialdi erreferentea bilakatu den ekimenak hiru kontzertu ondu ditu hiru egunez. Bihar osteguna, urriak 3, Gaztea gaua antolatu da eta Lukiek, Sua,  Maren eta  The Young Wait taldeen emanaldia eskainiko da. Hitzordua, Intxaurrondoko Kultur Etxean, 20:00etatik aurrera.

Josu Ximun (abotsa ta gitarra), Antton Goikoetxea (baxua) eta Christian Rodriguezek (bateria) osatzen duten Lukiek taldeak euskaraz abestutako rock alternatiboaren doinuak eramango ditu oholtzara.
Ane (ahotsa), Janire (baxua eta teklatuak), Julen (gitarra)  eta Esteban (bateria) dira, Gaztea Maketaren aurtengo irabazlea izan den Sua taldeko kideak, bere musika lasai baina dantzagarria eskainiko dutenak.
Maren bilbotar kantari eta konposatzaileak ostera, bere ahots gozo eta gitarrarekin, hitzordu akustikoa eskainiko du pop intimista ariketa batean.
Eta Andoni Etxebeste (bateria), Maria Soriazu (baxua), Jesus Aranberri (teklatuak) eta Fer Garciak (gitarra eta ahots nagusia) osatzen duen The Young Wait talde donostiarrak rock-blues musika jarriko du egun honetako hitzorduan.

Donostikluba Festibalaren 14.edizio honek Dkluba  zirkuituaren aurtengo denboraldiari hasiera emango dio, taberna-zirkuitu  jakin batean bertako musika-taldeen emanaldiak sustatzen dituen ekimenean.

Hala, hurrengo egunetan, Trap gauak antolatu dira. Urriaren 4an, Cecilio G eta SNKT taldeak igoko dira oholtzara, musika ikonoklasta eta punkia dakarrena lehenak, eta hirian eta penintsulan ezagun egiten ari diren Donostiako musika kolektiboa bigarrena. Gaueko 21:00etatik aurrera izango da kontzertua, Intxaurrondoko Kultur Etxean.

Eta larunbatez, ordu eta leku berean, Kaydy Cain, Dupla eta  Bronquio taldeen txanda  izango da. Kaydy Cain egungo eszena urbanoko artista zirraragarri eta eztabaidagarrienetariko bat da. Pxxr Gvng taldeko partaide ohia, Espainian izan den trap generoaren zabalkunde azkarraren arduradunetako bat da.
Dupla, aldiz, Aguraineko musika urbanoaren erreferentea da eta hitz esplizituak erabilita, ikutu elektronikoa zein hip-hop-a nahasten dituen pop musika da beraien marka.
Bronquio, ostera, Santiago Gonzalo jereztar gazte produktorea da, erritmoaren aktibista bat eta millenialen belaunaldiaren alde ilunenean sakontzen duen beat marea bat.
Eta kontzertuaren ondoren ordu txikiak girotzeko, Bellaca b2b Joven Mata DJa arituko da. Irene Mariscal Bellaca izenez ere ezaguna denak bere trap zitalenetik reggaetoi beroenera doan musikaz girotuko du gaua.

Informazio gehiagorako, joan donostiakultura.eus atari digitalera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button