IKUS-ENTZUN

Donostiako Zinemaldiko zazpi film, Azkuna Zentroan ikusgai

Aurten ere, Donostiako Zinemaldian ikusi diren film onenetako batzuk pantailaratuko dira Bilboko Azkuna Zentroan, Donostia Zinemaldia Azkuna Zentroan zikloaren eskutik. Guztira zazpi film dira Bilboko hirian proiektatuko direnak, urriaren 1etik 7ra bitartean, 20.00etan. Filmok Espainian argitaragabeak eta Zinemaldiaren 66. edizioan estreinatu berriak dira.

Gaur bertan, zikloari hasiera emanez, Raúl de la Fuente nafarraren eta Damian Nenow poloniarraren artean zuzendutako Another Day of Life  filma proiektatuko da. Canneseko jaialdian estreinatutako filma, Ryszard Kapuscinskiren izen bereko eleberriaren animazioko egokitzapena da.

Bihar urriak 2 asteartean, Hirokazu Koreeda japoniar zuzendariaren Manbiki Kazoku film saritua egongo da ikusgai  Donostia Saria emanaldi bereziak atalaren barruan. Cannes 2018an Urrezko palma irabazi zuen, eta, Zinemaldian, Donostia sariaren maskorra jaso du.

Asteazkenean, urriak 3, Jafar Panahi zuzendari iraniarraren 3 Face proiektatuko da. Film honek Cannesen Gidoirik onenaren saria irabazi zuen ex aequo. Kritikarien iritziz, “harribitxia da filma: hiru emakume erretratatzen ditu, antzina Pertsia izandako lurretan, ipar-mendebaldeko mendi urrunek osatutako dekoratu naturalean”.

Sail Ofizialean, urriak 4an osteguna,  Louis Garrel zuzendari frantsesaren L’Homme fidèle filma aukeratu du Azkuna Zentroko programazioak. Mariann, Abel eta Paula protagonisten arteko amodiozko, desamodiozko eta jeloskortasunez zipriztindutako triangelu baten drama istorio bat da, Mariannen semea Joseph, eta Paulen arreba Evaren arteko sekretupeko maitasuna bistaratzen duena.

Zikloa jarraitzeko, ostirala urriak 5ean, The Sisters Brothers egongo da ikusgai perlak atalean. Film honetan, Frantziako Jacques Audiard zuzendariak western generoa jorratu du, eta Joaquin Phoenix, John C. Reilly eta Jake Gyllenhaal ditu protagonista.

Larunbata urriak 6an, Libanoko Nadine Labaki zuzendariaren Capharnaüm proiektatuko da, Azkuna Zentroan aukeratu duten film sortaren artean emakumezko zuzendari bakarra. Aurten Cannesen epaimahaiaren saria eta kritikaren gorespenak ere jaso dituenen filma da. Libanoko nazioarteko auzia dakar pantailara.

Eta azkenik, igandea urriak 7an, familiartean gozatzeko Mamoru Hosodaren Mirai film japoniarrarekin itxiko da Donostia Zinemaldia Azkuna Zentroan zikloa, arratsaldeko 18:30etan. Cannes 2018an jendea hunkitzea lortu zuen animazioko filma da: “Kun lau urteko haur mainatuaren sentipenak kontatzen dira, lainezaz beteak direnak. Haren arreba Mirai jaiotzen denean, gurasoek kasu egiteari utziko diote eta aurrez inoiz bizi gabeko egoerak biziko ditu etxean. Baina, orduan, denboran zehar bidaiatuko du haren arreba nerabe Kunekin batera aparteko abentura biziz imajina daitekeenaz harago”.

Sarrerak eskuratzeko zinemako txarteladegian edo golem.es webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button