MUSIKA

Izaki Gardenak taldeak “Dena Oskol” bira abiatuko du urtarrilean

Urtarrilaren 12an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, abiatuko du Izan Gardenak taldeak Dena Oskol disko berriaren aurkezpen-bira. Gasteiztarrak Mobydick musikariarekin arituko dira.

Urtarrilaren 17an, Bilboko Kafe Antzokian izango dira; 19an, Oñatiko Gaztelekuan; 20an, Gernikako Iparragirre gunean, Mobydickekin; 26an, Iruñeko Indara aretoan, Montauk taldearekin; otsailaren 8an, Durango Plateruenea Kafe Antzokian, Montaukekin; otsailaren 15ean, Ondarruko Beikozini aretoan; eta, azkenik, otsailaren 22an, Azpeitia Sanagustin Kultur gunean, Mobydickekin.

Julen Azpitarte kazetariak ondoko iruzkina idatzi zuen oraintsu, Berria egunkarian: “Ibilbide sendoa osatu du Gasteizko taldeak 2012an Itsasargiak argitaratu zuenetik. Diskografia nahikoa luzea du, talde gaztea izaki, baina AEBetako americana estiloan edo country-folk-rockean gehiegi errotua. Halere, bide horretan nortasun propioa erakutsi du. Izaera hori, baina, nabarmen hazi da lan berri honetan, taldeak sekulako jauzia egin baitu, zortzi kantuak bestelako eremuetara eramanez: rock gordinagoa, soula eta psikodelia. Hartara, ausardia erakutsi dute, hala esparru berrietara murgiltzeko, nola kantu sakonagoak egiteko. Horri guztiari hirugarren faktore bat gehitu zaio, Raul Perez (Pony Bravo, Maika Makovski, Guadalupe Plata) ekoizlearen lana. Eta emaitza, klasikoa da, baina ñabardura garaikideez apaindua, aurtengo euskal disko interesgarrienetarikoa bihurtu arte”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button