ARTEA

Kepa Garrazaren katalogoa argitaratu du Consonnik

Consonni Bilboko ekoizpen-etxeak Kepa Garrazaren katalogoa plazaratu du; hain zuzen ere, atzo aurkeztu zuen Consonnik argitalpen berri hori. Garrazak 2007. urteaz geroztik egindako lanak biltzen ditu argitalpenak.

Lanok hiru serietan egituratzen dira, eta horietako bakoitzak bere ezaugarri plastiko eta kontzeptual zehatzak ditu. Katalogoa, Paco Barragán eta Angel Calvo Ulloa arte-kritikariek libururako propio idatzitako testuekin osatzen da.

Argitaratzailearen arabera, “liburu honek Kepa Garrazaren obra behatzeko aukera emango dio irakurleari, testuinguru zabalean eta denboran hedatuan, bai eta artista gisa dituen motibazioak eta helburuak ulertzeko aukera ere”.

Garrazaren obrak egunero kontsumitzen ditugun irudien izaeraren inguruko gogoeta egiten du, fikziozko eszenarioen bitartez; eszenario horietan, hain zuzen ere, errealitate paralelo bat sortzen du. Horrela, ikuslearengan eragin nahi du, identitatearekin eta informazioaren manipulazioarekin lotutako problematikak kolokan jar ditzan.

Garraza 2004. urtean hasi zen erakusketak egiten, bai estatuan, bai atzerrian, zenbait sari eta lehiaketa irabazi ostean. Harrezkeroztik, banakako hainbat erakusketa egin ditu: Bilboko Rekalde Aretoan eta Madril, Düsseldorf eta Beijing hirietako galerietan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button