BESTELAKOAK

Bilboko Foru Liburutegiaren aurtengo programazioa prest

Gaur goizean, Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbaok Foru Liburutegiaren 2018. urterako kultur programazioa aurkeztu du. Urte osoan zehar, erakusketak, tailerrak, ikastaroak, irakurtzeko taldeak, literatura topaketak, berbaldiak eta literatura lehiaketak antolatuko dira.

“Jende mota ezberdinera heldu nahi du programazioak, eta bide batez, jendea ohitu liburutegira etor dadin. Liburutegiak 10 urte bete ditu, eta literatura eta idazkeraren inguruko ekimen ugari antolatu dira” esan du aurkezpenean, Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbaok.

Urte honetan, lau erakusketa, bost topaketa euskaraz, eta guztira 17 berbaldi antolatu dira beste ekimen askoren artean, “eremu bizia baita Foru Liburutegia”.
Erakusketak honakoak izango dira: Muga argazki-erakusketa, Jesús Mari Arruabarrene du egile eta komisario (martxoaren 15etik apirilaren 30era). Ondoren, medikuntzari, zoologiari eta botanikari buruzko liburu grafikoen bilduma osatzen duen Videre Discere Est erakusketa hasiko da, ekainaren 11tik uztailaren 21era. Hurrengoa Juanje Sanz du komisarioaren eskutik etorriko da: Euskadiko Poesiaren Biurteko Esperimentalak (Ex!poesia). Azkenik, urtea amaitzeko Euskal Mitologiaren hirugarren edizioa egongo da ikusgai.

Beste aldetik, mota askotako ikastaroak eta tailerrak antolatuko dira, guztira, hamaika izango dira (ehun eta berrogeita hamabi ordu guztira). Literaturaren esparruan eta irakurtzeko zaletasuna sustatzeko helburuarekin, irakurtzeko lau talde egingo dira, bi gaztelaniaz eta bi euskaraz. Euskararen kasuan, Txani Rodriguezek eta Julen Gabiriak zuzenduko dituzte irakurtzeko tailerrak, eta gaztelaniazkoak, berriz, Aixa de la Cruzek eta Ivan Repilak.
Literaturako topaketak ere ez dira faltako, eta tartean, Arantza Urretabizkaia, Asier Serrano, Ana Malagón, Nerea Arrien eta Anjel Lertxundirekin egoteko parada egongo da.  Gaztelaniazko topaketetan Fernando Marías, Galder Reguera, Aixa de la Cruz eta Txani Rodriguezek hartuko dute parte.

Ohikoak diren mahai-inguruak, ziklo monografikoak, aurkezpenak eta bestelako jarduerak ere antolatu dira: Irakurleak eraikitzen (5. edizioa), LiburuTEKia (7. edizioa) eta Letrak eta futbola (9. edizioa). Bestalde, honako hitzaldi hauek bideratuko dira: Clásicas y Modernas, emakumeek historian zehar izandako paperari buruzko hitzaldiak. Rosa Montero, Josune Muñoz, Laura Freixas, Cristina Morató eta Carmen Alborch bilduko dira hor; Literatura y viajes, Ander Izagirreren eskutik; Novela histórica, Oskar Benegas, Galder Izarzugaza, Aitziber Etxeberria eta Toti Martínez de Lezearekin; eta Monólogos de humor, Gurutze Beitia eta Amaia Arkotxarekin.

Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak bi literatura-lehiaketa abiaraziko ditu aurten ere: BizkaIdatz lehiaketaren 10. edizioa (Bernardo Atxaga eta Itziar Minguez idazleekin) eta BizkaIdatz Txikia, (Nerea Arrien eta Álvaro Yarriturekin).

Informazio gehiago behar izanez gero, hileko programazio guztia duzue hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button