BERTSOTAN

Domekan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udazkeneko bigarren kanporaketa Santurtzin

Domekan jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udazkeneko bigarren kanporaketa Santurtzin. Bertan,  Arrate Illaro Etxebarria, Ekaitz Larrazabal Gutierrez ‘Katxo’, Eneko Abasolo Txabarri ‘Abarkas’, Imanol Arrutia Azkueta, Iñaki Iturriotz Zuluaga eta Malen Amenabar Larrañaga bertsolariak neurtuko dira eta Oier Iturralde Fernandez ‘Atano’ ariko da gai jartzaile lanetan.

Buruz buruko lanean, zortziko nagusian eta ofiziotan, hiruna bertso kantatu beharko dituzte eta beste hiruna, zortziko txikian. Puntua emanda halaber,  bertso bina asmatu beharko dute zortziko txikian, eta beste hiruna bertso, hamarreko txikian eta ofiziotan. Eta neurketa, gai bati buruz, bakarkako lanean egin beharko duten beste bina bertsorekin osatuko da, doinu eta neurri librean.

Lanik onena burutzen duenak, zuzenean sailkatuko da Igorren datorren azaroaren 25ean izango den finalaurrekora, eta gainontzeko bertsolariek, puntuazioaren arabera izango dute horretarako aukera.

Serantes Kultur Aretoan izango da hitzordua, domekan 17:00etatik aurrera eta sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian salgai daude dagoeneko. Ohi bezala, bazkideek deskontuak izango dituzte eta kanporaketa zein finalaurreko saio guztietara joateko interesa dutenentzako, bonoak daude  eskuragarri.

Kanporaketa fasearen ostean finalaurrekoak jokatuko dira, eta final handia Bilbao Arenan izango da abenduaren 15ean.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa hainbat helbururekin jaio zen. Hala, bertsogintzaren oinarriak finkatzeaz eta garatzeaz gain, euskal kulturgintzari eta komunitate euskaldunari ekarpena egin nahi dio euskarazko kalitatezko sorkuntza eredugarri bat emanez. Horregatik, “txapelketa jendarte anitzaren isla izateko ahalegina da: genero, maila sozioekonomiko, adin, ideologia eta jatorri guztiak jaso eta islatu nahi dituena”, Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkartearen lehendakariaren esanetan.

Txapelketaren informazio guztia duzue Bertsozale.eus atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button