ARTEA

Doluaren ondorengo denbora aztergai, Bilboko La Taller galerian

Datorren abenduaren 20ra bitartean, Marta Zelaiaren (Urduliz, 1962) obra paratu da La Taller galerian. Iturrigardenea izeneko proposamena dakar oraingo honetan.

Iturrigardenea izeneko proposamen handiago batean (Big Master) kokatzen den proiektua da, denborari eta galerari buruzkoa. Big Master proiektuaren lehen zatiak Sokatira izena hartu zuen (guraso zaharren zainketa eta lanaren arteko dikotomiaz egin du hausnarketa, maisutasunez jositako oihal baten eta margolan baten bidez), eta Bizkaiko Foru Aldundiko Rekalde Aretoan aurkeztu zen 2018an.

“Doluaren ondorengo denbora aztertzen duen ikerketa plastikoa da, galdutakoaren asimilazio-prozesu baten ondoren gertatzen dena. Pertsona bat, kasu honetan, artista bat, trantze honen ostean, ez da pertsona bera izango. Zelan itzuli mundura, bizitza propiora, obra propiora, besteen zaintzara dena baztertu ondoren?”

La Taller galeriak berak luzatu digu zertan den proposamen artistikoa: “Erakusketa, tamaina handiko paper gaineko obra batek osatuko du, artistak La Tallerren egindako egonaldi batean grabatu bidez egindakoa, gerora koloretako lapitzekin margotu duena. Azulejuz egindako horma-irudi bat eta artisau-osagai indartsua duen eskultura batek biribilduko dute Zelaiaren proposamen artistikoa.”

Marta Zelaia Aranbaltza (1962) Urdulizen jaio zen eta bertan bizi eta lan egiten du. Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Pintura espezialitatean lizentziatu zen 1987an. Urte horretan jaso zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren 87/88 Arte-sorkuntzarako beka. Ohorezko Akzesita jaso zuen Gasteizko Arte Plastikoen VIII. Bienalean eta 1990ean Bizkaiko Artean. Sorkuntza artistikoan murgilduta, paisajismoaren eremuan zentratu du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button