Nontzeberri

Doctor Deseok “Maketoen Iraultza” euskara hutsezko disko-bilduma kaleratu du

Doctor Deseo bilbotar taldeak Euskararen Egunari bere aletxoa jarri dio gaur aurkeztutako euskara hutsezko disko berriarekin.

Maketoen Iraultza izenburupean atera duen lana taldearen hamazazpigarrena da eta euskara hutsean dator gainera. 13 kantuz osatzen da lan berria, taldearen ibilbidean konposatutako abestien bilduma jasotzen duena, hain zuzen. “1995ean sortu genuen  lehen euskarazko kantutik, 18/98 epaiketaren harira konposatu dutenekora arte bildu dituzte diskoan, abesti berri bat ere gaineratuz”, azaldu du Ritxi Aizpuruk, Baga Biga Musika zigiluko arduradunak, Bilboko Kafe Antzokian diskoaren aurkezpen agerraldian.

Euskararekiko duen konpromiso sendoa diskoz disko  erakutsi du Doctor Deseo taldeak urteetan, baita euskararen aldeko ekimenetan parte hartu izategatik ere. Hala, euskara hutsezko lehen kontzertua, 2011an, euskararen egunaren harira eman zuen Gasteizen;  eta 2016an, Kilometroak  jaialdian keinu bera izan zuen taldeak Bergaran.

Hartara, gaur aurkeztu duten Maketoen iraultza diskoa ere, bide beretik ulertu behar da euskararen aldeko dinamika horretan, eta taldeak berak izan duen eboluzioaren emaitza ere badela adierazi dute agerraldian.

Lan berriaren izenburuak, XIX. mendean gure herrira etorkizun bila etorritako emigranteak edo maketoak hartzen ditu erreferentzia gisara, eta taldekide gehienak, “maketo” izanik, hitz horrek garai batean zeukan mespretxuzko kutsuari buelta eman nahi izan omen diote. Ildo honetan, Francis abeslariak adierazi duenez, “maketo hitza, garai batean  iraina zena, harrotasun kantua bihurtu dugu”.  Hala, liburu diskoaren azalak ere Hernanira etorritako Guinea Ekuatorialeko  23 urteko Clemente Macole modeloaren argazkia jasotzen du eta bere esanetan, “nire maketo iraultza propioa kanporatzeko aukera izan da”, disko honetan parte hartzeko aukerari, bere esker ona adieraziz.

Gainontzeko abestiak ezagunak dira jada: Xabier Leteren Ni naiz; Lauaxetaren, Eta moxua eman atsekabez, edota Edorta Jimenez, Unai Iturriaga edota Sonia Gonzalezen testuekin sortutakoak,…

Diskoa aurkezteko hegoaldeko lau hiriburuetan zuzenekorik emango dutela iragarri badute ere, datarik ez dute eman, urtarrilean jakinaraziko dutela gaineratuz. Adi hortaz  zuen agendetara!

Informazio gehiago eta diskoaren aurrerapena entzuteko, sartu Baga Bigaren web orrialdean.

Exit mobile version