LITERATURA

DK Poesia Lehiaketaren III. edizioa abian, idazle gazteen lana bultzatzeko

Euskarazko poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko xedez, Balea Zuria argitaletxeak DK Poesia Lehiaketaren III. edizioa abian jarri du, Donostia Kulturaren laguntzarekin.

Deialdi honetara poesia bildumak aurkez daitezke, euskaraz eta bakarka idatziak, originalak, inon argitaratu gabeak eta inongo literatura-lehiaketatan saririk eskuratu gabeak. Eta 35 urte bete gabeko idazleek bidali ahal dituzte euskarazko poemategiak.

Lanen luzera, gutxienez 600 bertso-lerrokoa izango da, eta gehienez 1.000koa. Gaia, errima eta neurria libreak izango dira. Lanarekin batera, egilearen datuak (izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta e-posta, NANaren fotokopia bat erantsita) bidaliko dira. Lanak emailez aurkeztu beharko dira, honako helbide honetan: dkpoesialehiaketa@donostia.eus

Idatziak aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da, eta gero, Eli Tolaretxipi, Aritz Gorrotxategi eta Itxaro Borda idazleek osatutako epaimahaiak lan guztiak aztertu ostean irabazlea izendatuko du.

Saria 1.000 euroko da, eta gainera, Balea Zuria argitaletxeak obra hori argitaratuko du. Irabazlea Pentsamendua eta Poesia errezitaldian parte hartzera gonbidatua izango da.

Bestelako datuak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button