MUSIKA

Disko berri gehiago: Gatibu eta Travellin’ Brothers Big Band

Gatibu eta Travellin’ Brothers Big Band talde bizkaitarrek lan berriak aurkeztu dituzte gaur goizean Bilbon. Gernikarrek hamar urte bete dituzte, eta data horrekin batera zazpi kantuko Zazpi Kantoietan lana argitaratu dute Baga Biga diskoetxearen bitartez; Bilbotarrek, berriz, swing estiloan bustiriko Gabonetako dozena erdi doinu plazaratu dituzte Christmas Special lanean Gaztelupeko Hotsak zigiluaren laguntzarekin.

Gatibuko lau taldekideek parte hartu dute aurkezpen ekitaldian. Haimar Arejita gitarra jotzaileak azaldu duenez, iraupen laburreko disko hau “anitza” da. Izan ere, diskoan bi alde kontrajarri, baina osagarri batzen dira diskoan. Batetik, dantzarako rocka “funky rock”, eta, bestetik, country rock kutsuko kantuak. Esate baterako, lehenengo multzoan funk estiloko gitarra riffekin josiriko Gabak zerueri begire egongo litzateke, eta bigarrenean, aldiz, Biarritz balada akustikoa. Bi alde horiek, gainera, bikain uztartzen dira azalean, non Allman Brothers Band edo Neil Youngen disko klasikoen azaletan agertzen diren tipografiak fuksia kolore dantzagarriarekin bat egiten duten; euskal estetika ere baztertu gabe. “Krisi garai gris hauei kolore funky-a gehitu nahi izan diegu”, esan du gitarra jotzaileak.

Iraupenari dagokionez, Alex Sardui kantariak esan du garaiotan diskoek ez dutela dirudik ematen, eta zerbait laburra argitaratu nahi izan dute, merke eskuratzeko, eta bide batez zuzeneko kantu berriekin ere haz dadin. Haimarrek, bestalde, kantu gutxi plazaratzeari abantaila asko ikusten dizkio: “Doinuak apurka ateratzean, hobeto barneratzen eta aprobetxatzen dira”. Lan egiteko modu hau ere etorkizunerako egokia dela iritzi dio gitarra jotzaileak. “Zuzeneko kantuak aukeratzeko ere lagungarria da, dagoeneko 40 kantu baititugu eta gero eta zailagoa da abestien zerrenda egitea”, gaineratu du. Diskoa Durangoko Plateruenan aurkeztuko dute abenduaren 5ean.

Gabonetako kantuak

Bilboko Travellin’ Brothers Big Band taldeak, bestalde disko berezia plazaratu du. Count Basie edo Duke Ellington swing eta jazz artista klasikoen ereduei jarraituz, eta izen garaikideak ahaztu gabe, tartean, Brian Setzer, bilbotarrek Gabonetako kantuekin ondu dute Kaki Arkarazo teknikariaren laguntzarekin. Egitasmoari, gainera, bertoko kutsua eman nahi izan diote, eta horretarako Olentzeroren kantua eta Haurtxo Txikia sehaska-kanta swing erritmoekin jantzi dituzte. Gainerako lau kantuak AEBetako Gabon piezak dira.

Travellin’ Brothers taldea izatez seikotea da, baina iaz big band formatuarekin, alegia, 16 musikarirekin, Captured Live zuzeneko lana argitaratu zuten. Disko horrek eta berarekin etorri ziren kontzertuek izandako arreta onari esker, taldekideei Gabonetako kantuak moldatzea bururatu zaie big band horrekin. Disko berezi hau ere zuzenean aurkezteko asmoa dute. “Ikuskizun polita izango da Gabonetako kontzertu hau, bluesa edo swing gustuko ez dutenei ere, biziki gustatuko zaielakoan gaude”,  esan du Aitor Cañibano gitarra jotzaileak. Show handi hau ikusi nahi izanez gero apuntatu datak: abenduaren 6an, Hondarribin; 14an, Sopelan; 19an, Bilbon, eta 23an Leioan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button