ESZENA

Dikothomia, Delrevés eta UpArte konpainiak saritu ditu Leioako Umore Azokak

Eguraldi kaskarrari aurre eginez ospatu da asteburuan Euskal Herrian erreferente bilakatu den Leioako XX. Umore Azoka. Eta  aurtengo edizioan,  Dikothomia euskal konpainia, Kataluniako Delrevés Danza Vertical  eta Murtziako UpArte konpainiek eskuratu dituzte kaleko ikuskizun onenaren sariak.

Dikothomia euskal konpainiaren (`e.go) lana saritu du Azokak eta epaimahaiaren arabera, “mazoen erabilera orijinala duen lan garaikide, pertsonal eta ausarta da, ikuskizunari ukitu poetikoa ematen diona”. Halaber, ikus-entzuleekin lortzen duen konplizitatea azpimarratu dute epaimahaikideek saria ematerako orduan.

Era berean, Umore Azokak asteburuan eskaini duen egitarauan gozatu ahal izan den Kataluniako Delrevés Danza Vertical  konpainiaren Finale obrak, eta Áureo, Murtziako UpArte konpainiarenak ex aequo lortu dute Kaleko Ikuskizun Onenaren Saria. Hala, Kataluniako konpainiak aurkeztu duen ikuskizunari dagokionez, “bikaintasunez, zehaztasunez eta harmonia zorrotzez gauzatutako dantza klasiko bertikal proposamen berezia da, dantza klasikoa ikus-entzule guztiei modu bikainean hurbiltzen dien ikuskizuna”, adierazi du epaimahaiak.

Eta Murtziako UpArte konpainiaren Áureo ikuskizun sarituaren harira, “zirkuko teknika bikaina erakusten duen proposamena da,  modu ezin hobean koreografiatutako garapenaren bitartez,  ikuskizunak emozioen crescendo batean murgiltzen gaituena”, aitortu dute mahaikideek.

Bestetik,, aurtengo edizioko Ohorezko Saria Donostiako dFeria eta Aguilar de Campooko AR.CA jaialdiek jaso dute, hauen 25 urteko ibilbidearengatik.

Epaimahaian parte hartu dutenen artean egon dira, Amagoia Garaizabal, Clown eta Pailazoen Arrigorriagako Nazioarteko Jaialdiaren zuzendaria; Anna Gribet Firatarregako Zuzendari Artistikoa; Carlos Moran, Serantes Kultur Aretoko Zuzendaria; Fernando Marin, KaldeArte, Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiko programatzailea; eta Valentin Rodriguez, Replica, Kanarietako Arte Eszenikoen Enpresen Elkarteko Presidentea.

Informazio gehiagorako, sartu Umeore Azoka webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button