ARTEA

Diego Vasalloren “zeinuak, paisaiak, istripuak”, Donostian

Diego Vasallo (Donostia, 1966) musikari eta pintoreak zeinuak, paisaiak, istripuak izenburuko erakusketa paratu du Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbaran. Vasallok azken urteotan egindako margolanak bildu ditu erakusketan; martxoaren 2ra arte zabalik izango da.

Vasalloren arabera, “margolan hauek, azken urteetako paper hauek, egunen joan eta etorrien aztarna setatia erakusten digute soilik. Haiek dira egurats gorrian, zerura begira, zeru horren zeinuak aztertzen, denbora pasatu ondoren gelditu diren lanbroz eta melankoliaz busti-busti egindako arrastoak”.

“Batzuetan, koadroak serietan agertzen diren olatuak dira: «bukaerak», amildegira eramaten gaituzten mapa misteriotsu gisa; «abesti sakabanatuak», airea kutsatzen dituzten idatzi gabeko partiturak; «urradurak», leize txiki zuriak eta beltzak, Emil Cioran maisuaren hutsune poetikoaren omenez”, gehitu du.

Duncan Dhu talde ezaguneko musikaria izan zen Vasallo, eta bederatzi disko grabatu ondoren, hirukotea desegin zen. 1991tik 1996ra, Cabaret Pop egitasmo musikala garatu zuen, eta 1997az geroztik, bakarrik aritzen da oholtzan eta grabazio estudioan. 2002an, estreinako pintura erakusketa burutu zuen. 2008an, diziplina anitzeko Lieder taldea eratu zuen beste artista batzuekin batera, eta bi poema-liburu ere plazaratu ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button