Nontzeberri

Diana Lagarto: “zerbait ezberdina planteatzeak motibatzen gintuen.”

KLOF fanzinearen azken alean, Euskal Herriko eta estatuko hainbat talderen kantuekin osaturiko bilduma ondu zen, ReKLOFpilatorio Underground izenburupean. 18 talderen kantu bana biltzen ditu aleak, eta han ezagutu genituen Diana Lagartoko kideak.
Euren musikaz eta beste, zerbait gehiago jakin nahi izan dugu elkarrizketa honen bidez.

Hainbat taldetan aritutako musikariak zarete… nola sortu zen taldea?

Ideia, Inserta taldearen azken kontzertuak ematen ari ginela sortu zen. Taldeko 3 kidek elkarrekin jotzen jarraitzeko asmoa genuen eta hilabete batzuk atseden hartu ostean lokalera bueltatu ginen.
Helburua zerbait berri egitea zen eta ahal izanez gero jende berriarekin. Handik gutxira Caba abeslaria batu zitzaigun.

Oraintsu zuen estreinako lan homonimoa argitaratu duzue, eta horretarako, azken boladan sarritan ikusi dugun formula erabili duzue: diskoetxe ezberdinen arteko lankidetza. Gaur egun diskoak kaleratzeko modu eraginkorra al da?

Hasiera batean Crowdfounding bidez egitea iruditu zitzaigun, baina egia esan, ez genuen batere argi. Taldea orain dela urte bete eskas sortu da eta momenturarte kontzertu gutxi eskaini ditugu. Crowdfounding-a bezalako ekimen bat ongi prestatzeko, aurretik hamaika herri eta eskenatokietatik ipurdia mugitu behar duzula uste dugu, ahalik eta bide-lagun gehien lortzeko. Beraz, bide hori hautatzeko orduan zalantzak genituen. Ondorioz, diskoa gure kabuz kaleratzea pentsatu genuen beste diskoetxe batzuen elkarlanarekin. Ideia 6 zigilu artean ekarpen txikiak egitea zen edizioari aurre egiteko.

Distribuziori dagokionez, kristoren abantailak ditu, egun gure diskoa Bilbon, Madrilen eta Asturiasen lortu daiteke, eta mundu osoan zehar interneti esker.

Diskoa biniloan atera duzue, zergatik? Formatu hori nahikoa garestia da: fabrikazioa, azala…

Zergatik? Ba… bereziki asko atsegin dugun formatua delako. Ilusioa egiten digu gure musika euskarri honetan izateak. Musikazale moduan, biniloak erosten ditugu, beraz hasieratik argi genuen gauza bat zen.

Fabrikazio kostuak garestiago izan daitezke CDarekin konparatuta, baina gakoa ekuazioa nola planteatzen duzun datza, aldagaiak etengabe aldatzen ari dira eta kontutan izan behar dituzu. Gaur egun musika nola “kontsumitzen” den ikusita (mp3 formatuan, ordenagailu edo euskarri digital mugikorretan) CDan kaleratzea baztertu genuen. CDa ez da batere mugitzen, beno, egia esan, diskoak, orokorrean, ez dira batere mugitzen, beraz CDan 500 edo 1000 ale atera ordez, zergatik ez 300 binilo atera eta ahal bezain beste mugitu? Jasanezina iruditzen zaigu diskoak etxean hautsa harrapatzen ikustea… Askotan “Less is more”.

Hala ere, diskoa 10 euroren truke kaleratu da formatu digitalean deskargatzeko aukerarekin batera… ez dakit… nahiz eta fabrikazio garestiagoa izan, kaleratze prezioa nahiko estututa dagoela uste dugu.

Zer nolako garrantzia dauka zuentzako diskoaren irudia? Noren esku utzi duzue?

Diseinuak garrantzia dauka, noski. Alde estetikoaz aparte, diskoaren laburpen gisa erabili dugu. Diseinu lanak gure kabuz egin ditugu. Udako arratsalde berotsu ugari eman ditugu ordenagailuaren aurrean.

Diskoa berton grabatu duzue, baina masterizazioa eta nahasketak egiteko Ultramarinos Costa Bravara jo duzue, ohiko estudioa BCore eta antzeko diskoetxeetako diskoetan. Zergatik egin duzue hautu hori?

Egia esan, beharraren arabera hartzen diren erabakiak dira. Izan ere, lagarto batek izan behar zuen umetxoaren jaiotzak baldintzatu zuen grabazioaren hasiera. Bidearen beste zati bat poltsikoan geneukana eta gure kontzeptu musikala zein den kontuan hartuta eratu zen. Eta prozedura guztia oso atsegina izan da zati bakoitzean. Txerranekin etxean bezala egotea izan zen. Hiru egun mendian, tortillak eta piperminak jaten, kanatu behar genituen kantak naturaltasunez sor zitezen. Eta Santi eta Victorekin egindako nahasketak eta masterizazioak prozesua itxi zuten behar zen moduan. Orokorrean guztiok gaude ohituta euren lanen sonoritatera, eta bagenekien Diana Lagartok Ultramarinos Costa Bravan bere isla topatuko zuela. Eskertu behar diegu egindako lana.

Zuen proposamena post-hardcore-an koka daiteke. Musika zale gisa, zer ematen dizue estilo horrek? Zeintzuk dira, zuen ustez, estilo horren dohainak?

Lehen entseguetan egiten ari ginena baino zerbait ezberdina egiteko proposatu genuen. Guztiok beste banda batzuetan aritzen gara, eta une horretan zerbait ezberdina planteatzeak asko motibatzen gintuen. Izan ere, ez zaigu inoiz bururatu post-hardcorean aritzea. Konposizioak inprobisatzetik eta musikalki atseginak ziren elementuekin jolastetik etorri dira. Kokteleran sartuta, astindu eta edalontzian zerbitzatzean  post-hardcore estiloaz gain noise-rock, screamo, punk, crust, rocking-hc, math-rock, hardcore topatuko dira.Hortaz, Diana Lagarto post-hardcorean du bere erdigunea baina bestelako estiloekin ere formaturik dago. Egia esan elementu oso erakargarriak dituen estiloa da.

Gaztelaniaz abesten duzue, eta zuen kantuak entzuterakoan, egun, gero eta gehiago aldarrikatzen den 90eko urteetako Münsterland talde bermeotarra datorkit burura. Gustuko duzue talde hori? Zeintzuk dira zuen talde erreferenteak Euskal Herrian?

Taldekide batzuek Münsterland-en El Colgado disko puska dela uste dugu. Gure kuttunen artean kokatzen da, baina ez dugu uste gure abestietan islatu denik. Agian gazteleraz abesten dugulako edo… ez dakit. Hala ere, horrelakoak entzuteak pozten gaitu.

EHn talde potoloak egon dira eta badaude, guretzat erreferenteak diren edo ez auskalo!, baina egia da Gutariko bat, Dut, Lisabo, Inoren ero ni, Ximel, El Desván del Macho, Ainara Legardon, Borrokan, Mikel Laboa edo Señores bezalako taldeen ekarpenak maite ditugula.

Diana Lagarto Bilboko undergroundak emandako emaitza dela esaten duzue, non dago, zuen ustez Bilboko undergrounda? Non ezkutatzen da?

Guk ezagutzen dugun undergrounda ekimen zintzo eta konstruktiboetan aurkitzen da.  Bilbon zorionez badira filosofi honen atzean funtzionatzen duten artista, irratsaio, fanzine, kontzertu antolatzaile, diskoetxe, lokal, enpresa eta abar.

Azken finean, egunero irentsarazi nahi diguten balio zaharkitu, aspergarri eta narkotizanteen aurrean alternatiba da undergrounda.

Nahikoa kontzertu lotu dituzue disko berria aurkezteko. Nolakoa izaten ari da harrera? Kantu berriek ondo funtzionatzen al dute zuzenekoetan?

Momentuz disko berriarekin hiru kontzertu eskaini ditugu. Harrera ona izaten ari dela uste dugu. Jendea hanka eta burua mugitzen jardun da zuzenekoetan eta diskoak mugitzen ari dira.

Exit mobile version