EZLEKUBAT

Detektibe ona, polizia negargarria

Ez dut Orson Welles Plentziako hondartzan praka motzetan imajinatzen, Sterling Hayden Plentziako portuan paneka handien arrantzuan ezta ere… eta ez dut, inolaz ere, James Cagney Plentziako malekoian eguzkiari so irudikatzen.

Butroi ibaiak zeharkatzen duen udatiarren gotorlekuak ez du beltzik, ez du misteriorik, ez du argilunik… muskuiluak ditu, bainujantziak eta eguzki gosez bereganatutako zonbi-ostea. Hori lehenbiziko begi-bistan, badu, hala ere, ezkutuan gordetzen duen zerbait, bigarren gainbegiratuan azaleratzen den izate misteriotsua. Joan den asteburuan bertara hurbildu zirenek pairatu eta gozatu zuten Mikrofilm Short Festivala (MSF), kasu.

Plentziako I. nazioarteko metraje laburreko film lehiaketa ez da ohiko jaialdi zinematografikoa. MSFk genero beltza du ardatz, horrela, aurkeztu diren laburrak genero honen arauei jarraiki plazaratu dira, udalerriko elizako plazan bertan. Gaueko animaliak kalera ateratzen diren ordu berean, iluntasunaren azpijokoari gurtza, babesik gabeko giro kriminalean.

Jaialdian ikusgai izan diren gaizkile eta femme fatale-n nondik norakoak epaitzeko, hiru lagun elkartu dituzte antolatzaileek lehenbiziko lehiaketa honetan, hirukote arriskutsua berau, zorrotza, profesionala…hala nola, Koldo Serra zuzendaria, Patxi Urquijo EHUko Ikus-entzunezkoetako irakaslea eta Irene Bau aktorea. Hala ere, inork ez daki zehatz-mehatz aske izan diren erabakiak hartzerako unean… merkatu beltzean lortutako Walter PPK armaz eginiko mehatxuak ohikoak bilakatzen dira horrelako giro kutsatuetan, badakizue.

Jim Thompson gidoilariaren Johhny Clay pertsonaiak honela esango luke: Ikus-entzunezko jaialdi tematiko honen eragile edo zergatia bertoko zuzendarien lanak, nazioarteko beste laburrekin batera zabaldu eta sustatzea da, arraioa. Behintzat lehenbiziko saiakera honetan lortu dute… poliziak irentsiko ote du?

Poliziak ez dakit baina hurbildutako zaletuek irentsi dute bai jaialdiaren filosofia, baita guztien gainetik lehiaketara aurkeztu diren zuzendariek beraiek ere. Antolatzaileen printzipio-deklarazioa gardena eta irmoa izan da. Noir generoaren irizpideetara mugatutako lanei eman diete lehentasuna. Maila estetikoari dagokionez, kontraste biziko gaueko sekuentziak, argilunak, itzalak, euria, hotza eta giro zapaltzailea plazaratu dituzten metraje laburreko filmak izan dute antolatzaileen oniritzia. Edukiari dagokionez, politika eta gizartearen ikuspegi kritikoa, errealitatearen ikuspegi duala, boterearen ustelkeria, pasio saihestezina, emakume zapaltzaileak, gizon zakarrak, zorigaiztoko patua eta flashback narratiboa gailendu dituztenak.

Ostiralean, besteak beste, Fernando Pomaresen Alto Sauce, Galder Gaztelu-Urrutiaren La casa del lago eta Max Porter eta Ru Kuwuahata estatubatuarren Something left, something taken bitxiak izan ziren ikusgai giro lainotsuan, ekimenak eskatzen zuen dekoraturik aproposenean. Larunbatean giroa ez zen aldatu, lainotzarrek gaua koipeztu zuten eta egurats horretan Grzegorz Jonkajtys poloniarraren The ark, Annic Blank kanadiarraren Nowhere Elsewhere eta Haritz Zubillagaren She´s lost control proiektatu ziren hainbatik hainbatean.

Hala ere MSF ez da laburren proiekzioetara mugatu, asteburuan zehar bestelako ekintzak antolatu zituzten paraleloan: hitzaldiak, gidoi-tailerra, kontzertuak eta bideo mapping-a… Edward G. Robinson bere hilobitik ateratzeko egitarau aproposa. Kultur Etxean burutu ziren hitzaldietan Bingen Mendizabal konpositoreak, irudia eta musikaren arteko harremanaz hitz egin zuen, Birdboy labur sarituaren zuzendaria den Pedro Rivero, Goya saria lortzeko bidean bizi izandako abentura zinematografikoaz aritu zen eta Txema Muñoz, Kimuak-eko zuzendaria, bertan ekoitzitako film laburren nazioarteko banaketaz.

Plentziako I. nazioarteko metraje laburreko film lehiaketak ukabilkada nabarmena jaurti die Uribe-kostako bisitariei, baina jaso ere egin du, ezker crocheta… jaialdiak, hondartzak besteko giro aparta erakarri baitu.

Noir generoa Estatu Batuetan sortu zen, italiar kritiko batek eman zion deitura eta hitza bera, izatez, frantsesa dugu… orain, gaur, egun…. Bizkaiko txoko eder honetan lekukotu da eta dirudienez luzarorako, izaera beltzez, ke potoloz eta ezpain-barra gorriz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button