IKUS-ENTZUN

Desira Objektu Iluna

Eloy de la Iglesiaren obra osoa biltzen duen Desira Objektu iluna izeneko erakusketa abiatu dute Kutxa Fundazioaren Artegunea aretoan. Zinema zuzendari zarauztarrari eginiko omenaldia da egitasmoa, non film guztiak eta telebista nahiz antzerkirako egindako kolaborazioak ere biltzen diren lehenengo aldiz.

Kutxa Fundazioaren hitzetan, “Desira Objektu iluna erakusketak gure historiaren lau hamarkada baino gehiagoren erradiografia zehatza egiten du. Zinema gutxik bezala bizi, maitatu eta egin zuela esan genezake: sentsualki, egiaz eta eromenera iritsi arte. Maitatua eta gorrotatua, haren planteamenduak ez ziren inoiz oharkabean pasatu. Hamarkada bat ahaztuta igaro ondoren, Eloyk harrotasunez zioen zineman jarraitzea zela berarentzat bizitzeko arrazoi bakarra”.

Desira Objektu iluna horretan, Eloy de la Iglesiaren ibilbide kronologiko bat eskaintzen da, antzerki eta telebistarako egin zituen lanak ere aintzat hartuta. Erakusketan haren filmografia osoaren ibilbidea egin daiteke 150 bat argazkiren bidez, film bakoitzaren sinopsiaz lagunduta.

Erakusketa honetako komisarioa Pedro Usabiaga (Donostia, 1959) argazkilaria izan da. Bere lana zinemarako argazkilaritzan garatu da, eta bere lanak hala film askotako saio berezietan nahiz zinemarako liburuen argitalpenetan izan dira.

Eloy de la Iglesia (Zarautz 1944-Madril 2006) zinema zuzendariak eta gidoigileak 60ko hamarkadaren erdialdean egin zituen bere lehenengo lanak. Espainiako alderdi komunistako kidea eta homosexuala izateak eta bazterreko gizarte errealitateak zuzen eta naturaltasunez erakusteko haren interesak egoera deserosoan jarri zuten, zinema zentsuraren aurrean.

Bere figurari edota obrari buruzko datu guztiak, hemen topa ditzakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button