ESZENA

Demokrazia zalantzan, baita oholtza gainean ere

Teatro Del Noctámbulo konpainiak Contra La Democracia  bere azken lana aurkeztuko du gaur,   urriak 25, ostirala, 20:30etik aurrera,  Elorrioko Arriola Antzokian.

Gaurkotasun handia duen demokraziari buruzko 7 lan laburrez osatutako 90 minutuko ikuskizuna taularatuko du konpainiak, eta bertan, ikuslea ordezkaritza politikoari buruzko eta demokrazia hitzaren erabilera interesatuari buruzko hausnarketa egitera gonbidatzen dute.

Lanean izua eta komedia nahasten diren zazpi momentu arrotz, eta era berean, gertukoak kontatzen dira; egiten zaigun iruzur kolektiboari buruzko zazpi ikuspuntu surrealista eta sendoak. Satiratik eta esperpentotik kontatutako zazpi muturreko egoera dira, baina bizitzaz eta gaurkotasunez beteak daudenak. “Bada inor hemen, hiritarrok, gure gizartea gobernatzen dugula uste duenik?”, galdetzen du obraren azalpenak ematerakoan Antonio C. Gujosak, Teatro Del Noctámbulo konpainiako zuzendariak.

Esteve Soler antzerkigile katalanak  Contra el progreso, Contra la democracia y Contra el amor trilogiaren obran oinarritutako lana da eta testuaren jatorrizko bertsioa katalanez idatzia izan bazen ere, antzezlana 17 hizkuntzetara itzulia izan da, mundu osoko 100 zuzendarik taularatu dituzte dagoeneko obraren bertsio moldatuak.

Hala, gaur berton, Arriola Antzokian, Teatro Del Noctámbulo konpainiaren gaztelaniazko moldaketa ikusteko aukera izango da, 20:30etik aurrera.

Informazio gehiagorako, arriolaka.eus webgunera joan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button