IKUS-ENTZUN

Debako Animaziozko Nazioarteko Jaialdiak programazioa iragarri du

Hamarkada luzeko ibilbide oparoaren ostean, mostra izateari utzi eta nazioarteko jaialdi bihurtuta dator ekainaren 19an hasi eta  23ra bitarte luzatuko den Animadeba, Debako Animaziozko Zinemaldia.

Bertan, gazte zein helduei zuzenduriko animaziozko film luze eta laburren proiekzioez gain, erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta klase magistralak eskainiko ditu jaialdiak, Sail Nagusia, Panorama saila, Zuzendari Berriak EHU saila eta Bestelako Jarduerak atalen barruan antolatuta.

Hala, ekainaren 19an, asteazkenean, Fermin Muguruzak zuzendutako eta ekoiztutako Black is Beltza film arrakastatsuak emango dio hasiera jaialdiari, 19:00etan, Kutxa Beltzean izango den proiekzioarekin. Ondoren, Muguruzarekin elkarrizketa eta solas egiteko aukera egongo da. 21:30ean emango zaio jarraipena jaialdiari Gaztetxean antolatu den programazioarekin. Bertan, Panorama atalaren barruan sailkatutako lau film labur eskainiko dira bertsio originalean:  La Noria (Carlos Baena, Espainia, 2018); Lemons (Daniela Godel, Frantzia, 2018); Her Head (Emma Louhivuori, Finlandia, 2019);  Flowing through Wonder (Joanna Lurie, Frantzia, 2018) eta The Stained Club (Kolektiboa, Frantzia, 2018). Eta Julia bakarlariaren eskutik, 22:30ean eskainiko den kontzertuak egunari amaiera emango dio.

Ondorengo egunak ere oparo datoz eta ekainaren 23ra arte animaziozko zine ekoizpenaren mundua ezagutu eta gozatzeko aukera paregabea  izango dute zaletuek.
Hala, hamar film laburrek parte hartuko dute Sail Ofizialean eta beste hainbeste Zuzendari Berriak EHU sailean. Sekzio Ofizialean hautatuak izan diren 10 proposamenek 500 euroko saria jasoko dute lehiaketan hautatuak izanagatik.
Banatuko diren sariak honakoak dira: Film Laburrik onena, Gidoirik onena, eta Ikuslearen Saria. Bestalde, Zuzendari Berriak sekzioan sari bakarra egongo da, 300 eurokoa, eta EHUk emango duena.

Debako Udalak antolatutako Animadeba Nazioarteko Animazio Zinemaldiak parte-hartze marka guztiak gainditu ditu ibilbide osoan, eta ia 1400 film jaso ditu.

Egitarauaren xehetasun guztiak animadeba.com web atarian duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button