MUSIKA

Death Alley eta Honeymoon Disease rock taldeek Donostian joko dute

Death Alley holandarrak eta Honeymoon Disease suediarrak Donostiako Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur Kluban izango dira ostegunean, 20:00etatik aurrera. Bi taldeek rock gogorra jotzen dute, lehenengoek pisutsua eta bigarrenek, berriz, popzaleagoa.

Death Alleyk psikodeliatik edaten duen rock gogorra jotzen du. Donostiako Red Ribbon Music promotorearen arabera, Bad Brains, King Crimson, Hawkwind, Poison Idea, The Stooges eta Black Sabbath taldeen uztarketa da. “Hard rock psikodelikoaren eta punkaren arteko kontaminazio da, baina batere ortodoxoa, metalaren finduraz eta soul basatienaren gordintasunaz aurkeztua”. 2015ean, Black Magick Boogieland izenburuko lehen lana plazaratu zuten holandarrek, eta gurean Superbia izenburuko disko berria aurkeztuko dute, haien bigarren lana, Pieter Kloos (Motorpsycho, The Devil’s Blood, Dool…) teknikariak ekoitzia. Iaz, zazpi hazbeteko singlea plazaratu zuten Kadavar taldearekin erdibana.

Honeymoon Disease, bestalde, egungo rock eskandinaviarraren ordezkari nagusiak dira. Laukotearen egitasmoan Thin Lizzy, Deep Purple eta Kiss taldeen eragin klasikoak nabaritzen dira. Taldea 2014an eratu zen Goteborg hirian, eta orain arte bi disko plazaratu ditu: The Trascendece, 2015ean, The Hellacopters, Imperial State Electric eta Entombed taldeko musikari ezagun Nicke Royalek ekoitzia, eta Part Human, Mostly Beast, 2017an.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button