ESZENA

Deabru Beltzak antzerki konpainiak “Symfeuny” ikuskizun berria aurkeztu du

Kale antzerkia, efektu bereziak eta perkusioaren erritmoa uztartzen dituen Symfeuny ikuskizun berria aurkeztu du gaur goizean, Deabru Beltzak antzerki konpainiak. Prentsaurrekoan Garbitxu taldekidea, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia; eta Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko kultur zinegotzia bildu dira. Estreinaldi ofiziala Bilboko Kalealdia Jaialdian egingo da uztailaren 5 eta 6an.

Bilboko Kalealdiaren hogeigarren edizioa Deabru Beltzak taldeak irekiko du Symfeuny ikuskizunaren estreinaldi mundialarekin. Beste askotan egin duen bezala, taldeak perkusioan oinarritutako ekoizpen berria kaleratuko du. Betiko legez, eta espezializazioaren bidetik, piroteknia, perkusioa, koreografia eta efektu bereziak  bateratu ditu taldeak, kalejira ibiltaria eta eszenatoki gainean ekoizpen ikusgarria muntatzeko. Symfeuny Deabru Beltzaken mota horretako seigarren lana da; aurretik, Les Tambours de Feu (2001), Les diables noirs (2005), Bande Déplacée (2007), Danbor-Talka (2014) eta Su Á Feu (2016) ekoitzi ditu.

“Symfeuny produkzio handia izan da eta mugarri bat da Deabru Beltzakentzat. Arlo artistikoari dagokionez, oso ekipo sendoak hartu du parte ekimenean, eta harro egoteko moduko obra kaleratu dugu”, esan du Garbitxuk.

Aurreko produkziotan bezala, Deabru Beltzaken ikuskizuna soinua eta perkusioaren erritmoan oinarritzen da, baina oraingoan  ikuskizun berritzaile eta ausartago bat plazaratu nahi izan dute. Piroteknia izango da protagonista, baina aurten arte eszenikotan lehenengoz Cobra  sistema erabili da, hots, urrutitik kudeatu eta botatzen den sistema pirotekniko modernoa.

Eta beste aldetik, lan berriak bi zati izango ditu: kalejira eta eszenatokia. Eta hori guztia musikarekin osaturik. Musika hori Aitor Furundarena musikagileak sortu du. “Ikuskizun honen soinu banda sortzea erronka handia izan da Furundarenarentzat. Deabru Beltzakek Ikerne Gimenez diseinatzailearen kolaborazioa ere izan du.”

Hortaz, argia, musika, koreografia eta piroteknia dira Symfeuny antzezlanaren gakoak, eta uztardura horren bidez, publikoa liluratuko du Deabru Beltzak taldeak.

Bilboko Kalealdian izan ostean, Symfeunyk Europan zehar hasiko du bere ibilbidea uda honetan. Abuztuaren 1ean, Donostiako Musika Hamabostaldiaren 80. urteurreneko hasiera ekitaldian parte hartuko du. Geroago, Frantziako zenbait jaialditan izango da, Libourneko Fest’Arts eta Quimperléko RIAS jaialditan, besteak beste.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button