BESTELAKOAK

Udagoieneko Osteraren hamabigarren edizioa Katamalok irekiko du

Udagoieneko Osteraren egitaraua ostegunean, azaroak 10, hasiko da Katamalok Bilboko Kafe Antzokian emango duen emanaldiarekin, eta abenduaren 27an bukatuko da Barakaldon Txan magoaren saioarekin. Tartean, Loreleiren itzulerak, Kerobiaren akustikoak, Mikel Urdangarinen zuzenekoak, Hostoak musika eta dantza emanaldiak, eta Etxeren kantaldiak osatuko dute programazioa. Urtero euskarazko kultur produkzioa Bizkaiko antzokietara hurbiltzen du Topaguneak antolatu ohi duen Udagoieneko Ostera kultur zirkuituak.

Aurtengo egitaraua sei emanaldik osatzen dute Bizkaiko beste horrenbeste udalerritan: Bilbo, Urduliz, Balmaseda, Ermua, Getxo eta Barakaldo. Topagunetik nabarmendu dutenez, “era guztietako hartzailearen beharrak asetzeko moduko programazioa sortzeko ahalegina egiten dugu”.

Hala, lehen aipatu denez, etzi Katamalo izango da Bilboko Kafe Antzokiko agertokian. Ostiralean, azaroak 11, berriz, Kerobiak bere disko-trilogiaren (Materia Organikoa, Papera eta Kartoia, Ontziak) egokitzapen akustiko egingo du Urdulizko Kultur Etxean, 22:00etan. Datorren astera begira, ostiralean, azaroak 18, Mikel Urdangarinek bere ibilbideko kantuak biltzen dituen zuzeneko disko berria aurkeztuko du Ermua Antzokian, 22:15ean.

Azaroaren 25ean, halaber, Oreka TX, Amaren Alabak eta Kukai taldeek onduriko Hostoak emanaldia ikusi ahalko da Ermua Antzokian, 22:15ean. Biharamunean, azaroak 26, Udagoieneko Osteraren egitaraua Getxon izango da. Egun horretan Etxe eta Lorelei kantautoreek emanaldia emango dute Andres Isasi Musika Eskolan, 22:00etan.Azkenik, Txan magoa Barakaldo Antzokian izango da azaroaren 27an, igandez, 18:00etan.

Egitarauaren xehetasun guztiak Topagunearen webgunean daude.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button