MUSIKA

Datorren hilean abiatuko den “Jazz Euskadi” programa aurkeztu dute

Uztailean Euskal Herriko hainbat herritan, jazza eta musika estilo horren inguruan ardazten diren kontzertuak protagonistak izango dira. Kultur industria prestigioduna bultzatu nahi da horrelako nazioarteko ekimenak ontzerakoan, “kalitatezkoak,  puntako artisten partaidetzaren bidez, mugatik kanpoko zale asko ere erakartzeko asmoz”.

Jazz musikaren ziklo horren barruan Getxo da lehenengo hitzordua, eta Euskadin jazzaren denboraldiari hasiera emango dio. Bertan, kalitatea, aniztasuna eta musikari generazio berriei bultzada ematea dira helburuak.  Getxoko jazzaldiaren 42 edizioa da aurtengoa eta uztailaren 4tik 8ra egingo da, “estilo eta talde ezberdinei irekita, figura entzutetsuak eta artista gazteak batuz”. Bertako programazioari Charenée Wadek emango dio hasiera. Hurrengo egunean Kenny Garrett arituko da, ziurrenik bere belaunaldiko saxo altorik onena. Bertatik ere Billy Hart pasatuko da, bai eta  Chano Domínguez ere, espainiar musikari nazioartekoenetako bat. Azken egunean, duo bikain bat arituko da: Michel Camilo piano jolea, eta Tomatito gitarra jole flamenkoa.
Betiko lez, taldeen lehiaketako emanaldiak eta Hirugarren Milurtekoaren ataleko kontzertuak ere ez dira faltako.

Gasteizko 42. Jazz Jaialdia izango da bigarren zita jazzarekin. Uztailaren 17tik 21era bitartean musikarik onena Gasteizen izango da.  Kontzertu programaren ateak Gospel kontzertuarekin zabalduko dira. Bertan ere Leanne Faine & Favor taldea arituko da. Jack DeJohnette, John Medeski, John Scofield eta Scott Colley musikariek Hudson proiektua ekarriko dute Gasteizera.  Parte hartuko duten beste izan batzuk honakoak dira: Carla Bruni, Mingus Big Band, Gasteizko Ganabara Orkestra, Sambeat Quartet, Cory Henry & The Funk Apostles, Brooklyn Funk Essentials, Kool & The Gang, eta abar.

Azkenik, uztailaren 25etik 29ra bitartean, 15 eszenariotan 120 kontzertu eskainiko ditu Donostiako Heineken Jazzaldiak. Oso luze joko luke zeintzuk artistak parte hartuko duten adierazteak, eta horretarako webgunera jotzea duzue onena.
Baina nabarmendu nahi dugu euskal jazzak bere txokoa izango duela Heineken Jazzaldian. Urtarriletik apirilera bitarteko hautatze-prozesutik datozen hamar taldek joko dute; beste bost talde 2017an diskoa argitaratu zutelako programatu dira; lau Katapulta Tour Gipuzkoa 2018ri dagozkionak dira; beste hiru talde Musikenek proposatutakoak; eta sei antolakuntzak zuzenean aukeratuak.  Hortaz, 34 euskal taldek eta bakarlarik hartuko dute parte guztira, 53. Heineken Jazzaldiaren programazioan.
Tartean ere Iñaki Salvador, Michel Portal, Víctor de Diego, Mikel Erentxun, Izaro eta Amateur taldeak daude. Gainera Iñaki Salvadorrek Mikel Laboa oroimenez saioa egingo du.

Non, zer, nortzuk eta noiz jakin nahi izanez gero, Jazz Euskadi plataforman duzue informazio guztia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button