BESTELAKOAK

Datorren astean Berbagunearen bosgarren edizioa

Gaur goizean, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Zinegotzia Koldo Narbaizak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia Ana de Castrok, eta Berbaguneko koordinatzailea Aitziber Olabarrietak Berbagunearen 5. edizioa aurkeztu dute. Euskararen kaleko erabilera sustatzeko topagunea den Berbagunearen aurtengo edizioa datorren asteazkenean, abenduak 14, egingo da, 09:30etik 18:00etara bitartean, Azkuna Zentroko atarian. Ekitaldian izateko kultura, gizarte, ekonomia, kirol eta politika-arloko eragileek ere parte hartuko dute eta mahai berean egongo dira Berbaguneko partaideekin.

Euskaldunen bilgune honen helburu nagusia sinplea da: euskara erabiltzea. Berbagunearen bosgarren edizio honetako erronka herritarren parte hartzea handitzea izango da euskara kalera atera dadin. Horretarako era askotako euskaldunak bilduko dira, izan ere, euskaraz ulertzeko eta berba egiteko gai diren pertsona orok aukera izango du bertaratzeko eta parte hartzeko. Hortaz, euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak mahai berean jarriko dira 09:30etik 18:00etara bitartean, hainbat elkarrizketatan parte hartzeko. Ekitaldia Azkuna Zentroko atrioan izango da, txandaka, eta guztira, 1.600 pertsona inguruk parte hartuko dute, lau txandatan banatuta. Lehenengo txanda 09:30etik 11:00etara bitartean izango da, bigarrena 11:00etatik 12:30era, hirugarrena 12:30etik 14:00etara eta laugarrena 16:30etik 18:00etara.

Ekitaldiaren dinamika hauxe izango da: talde bakoitzean sei pertsona egongo dira eta aurretik jarritako gai bati buruz hitz egingo dute. Hogei minutu iraganda, egondako mahaitik altxatu eta beste mahai batera joango dira parte-hartzaileak, hain zuzen, beste gai bati buruz hitz egiteko. Txanda bakoitzean birritan aldatuko dira mahai batetik beste batera parte-hartzaileak; hau da, hiru mintzagai izango dira. Horretarako, mahai bakoitzean pertsona bat egongo da gaia proposatu eta elkarrizketa gidatzeko.

Berbagunean parte hartu nahi duten pertsonek izena eman dute aurretik, 944162472 telefonoan edota berbagunea@gmail.com helbidean, eta zuek berdin egin dezakezue.

Animatu!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button