ESZENA

“Dantzazale Eguna” Bermeon, Aiko Taldearen eskutik

Bermeora eramango du  Aiko Taldeak urtero sasoi honetan ospatzen duen Dantzazale Eguna larunbat honetan, herria itsasoko kresalez ez ezik, erromeria tradizionalez bustiko duena.

Urtea erromeria giroan agurtzeko ohikoa bilakatu den festa egunean, musika eta dantza tradizionala izango dira  protagonista bihar, abenduaren 14an, Bizkaiko kostaldeko herri honetan, dantza gustuko duen edozeinentzat ez ezik, parte hartu nahi duen guztientzat  irekita dagoen ekitaldia.

Horretarako, egitarau ederra antolatu du kultur elkarteak biharkoan, eguerdiko 13:00etan hasi eta gaueko 22:00ak arte, erromeria eta dantza giroa herriko bazter eta txoketara eramango baitute.

Horretarako,  Bizkaiko Gaiteroekin eta Idoia Markaida eta Roberto eta Miren Etxebarria trikitilariekin, kalejira bat antolatu dute egunari hasiera eman eta herritarrei parte hartzera deitzeko. Lameratik abiatuko da kalejira 13:00etan, eta herritarrekin batera, Goiko Plazaraino abiatuko da erromeria giroa, bertan Sokadantza ikuskizunaz gozatzeko. Horren ostean, Aiko Taldeko musikari eta dantza maisuek dantzara eta “kalejira-dantza-poteora” gonbidatuko dituzte herritarrak. Txakolin dastatze batez amaituko dute goizeko ekitaldia  Bermeoko Kafe Antzokian, eta aperitifaren ostean, arratsalderako indarrak hartuko dituzte bertan antolatu duten bazkari herrikoiarekin. Bazkaria, 15:00etan izango da.

Arratsaldeko 17:00etan, emango zaie arrtasaldeko ekimenei hasiera eta berriz entzungo dira jotak, jauziak, mazurkak, valsak, pasodobleak…, antzokia, erromeria eta  dantzarako gune bihurtuz.  Modu honetan, publikoak ere dantza gogoa askatu ahalko du, Aiko Taldeko maisuek gidatutako ekitaldian.

Gaiteroek eta trikitilariek hartuko dute beranduago antzokia girotzeko ardura eta gaueko 22:00ak arte, betiko jai herrikoietako erromeri doinuekin dantza librerako aukera paregabea izango baitute bertaratzen diren guztiek.

Gainera, Bilbotik, Durangotik eta Donostiatik autobusak antolatu ditu elkarteak, herri horietan urtean zehar antolatutako Dantzaldi Ibiltaria ekimeneko dantzazaleak ere Bermeoko  Dantzazale Egunera joan daitezen. Autobuserako aurrez hartu behar da lekua.

Aiko Taldea musikari eta dantza maisuz osatutako elkarte kulturala da, Euskal Herri osoan erromeriak ez ezik ikastaro, tailer eta dantzaldi ibiltariak ere antolatzen dituena, dantza tradizionalaren ondarea eta euskal erromeriaren izpiritu herrikoia berreskuratzeko ahaleginetan. Hala, dantzarako espazio berriak sortzea da  taldearen helburua “bokazioz, modu natural, erlaxatu eta dibertigarrian gure ondare tradizionalaz gozatzeko,dantzan egiteko modu berriak sortzea, pasio hori ahalik eta pertsona gehienei helaraziz”, adierazten du elkarteak.

Halaber, dantzarako musikaz osatutako 11 disko argitaratu ditu taldeak, eta kultura herrikoiaren ondarea ikertzeko ere lanik egin du, esaterako, Fasioren Mendea, liburu, CD eta DVD-a, (Bonifazio Arandia musikari arratiarraren bizitzari eta lanari buruzko lan zorrotza); Urraska-Dantza jauziak Sagasetaren bidetik, jauzien errepertorio osoaren multimedia bilduma; eta  Jotamentala, jotari omenaldia eskaintzen dion dokumentala.

Informazio osoa duzue,  aikotaldea.eus atari digitalean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu