ESZENA

Dantzaz blai eginda

Harri Xuri eta Dantzaz elkarteek antolatuta, maiatzaren 11tik 19ra Dantzaz Blai izeneko zikloa egingo dute Luhuso, Ezpeleta eta Donostian. Hala, Gipuzkoako Dantzaz eta Suediako Nudans konpainiek dantza emanaldiak egingo dituzte batuta zein bakarka. Horretaz gainera, Urtzi Aranburu eta Iratxe Antzak dantzariek tailerrak zuzenduko dituzte.

Gaur bertan, maiatzak 11, Dantzaz taldeak Arte-an lana dantzatuko du Luhusoko Harri Xuri gelan. Itzik Galili israeldar eta Lukas Timulak eslovakiar koreografoek sortutako lana da eta maisutasuna eta indarra batzen ditu.
Maiatzaren 19an, halaber, aipaturiko bi konpainiak batera arituko dira Ezpeletan eta Luhuson.

Gainontzeko hitzorduak Donostian izango dira. Bihar, hain zuzen ere, Dantzaz-ek Sarritsasoak ikuskizuna egingo du Cristina Enea parkean. Hurrengo egunean, Nudans konpainiak I Land lana taularatuko du Gazteszenan. Obra horretan Goteborgeko Operako kide diren Suediako zortzi dantzari gazte bikainak ikusteko aukera izango da.
Horretaz gain, maiatzaren 18an, Dantzaz eta Nudans konpainiek dantza ikuskizun bateratua egingo dute Donostiako Boulevardean.

Ikuskizunen xehetasun guztiak Kazeta.info webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button