Nontzeberri

“Dantzan Bilaka” ekimena asteburuan, Donostiako Tabakaleran

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzaz, aurten garatu eta aukeratu dituzten koreografia sormenak ikusiko dira, datozen urriaren  4an, 5ean eta 6an, Dantzan Bilaka proiektuaren eskutik.

Donostiako Tabakaleran antolatu den egitarauan oholtzaratuko diren sorkuntza koreografikoen proiektuak eta  partaideak, hartara, honakoak izango dira:  Angela Millano, Almudena Perez, Sara Paniagua, Ana Capilla, Tonatiuh Diaz, Andres Alarcon, Koldo Arostegui, Lorea Ibarrondo eta Aiala Etxegarai. Eta ekintza paralelo moduan, Carolina Mendonçaren gidaritzapean hitzaldi bat eta tailer bat antolatu dira.

Hala, datorren ostiralean, urriaren 4an, Angela Millano eta Sara Paniagua artistek emango diote hasiera ekimenari. 19:30ean, Tommy Cash, eta 20:00etan, Room aurkeztuko ditu Millanok. Eta 20:30ean, Sara Paniaguaren txanda izango da Nektar lanarekin.

Egun berean baina, goizetik hasiko dira jarduerak. Goizeko 10:00etan zabalduko ditu ateak Pulpa Sorkuntza Koreografikoko Laborategiak. Bertan, eguerdiko 15:00ak arte eta Carolina Mendonça brasildarraren eskutik, hitzen eta mugimenduen artean izan daitezkeen erlazioak esploratuko dira, “paperaren eta gorputzaren mugak lausotuz”, Mendonça arte eszenikoetan lizentziadunak eta lantegiaren arduradunak berak azaldu duenez.

Bazkalostean egingo du egun horretako egitarauak aurrera, eta 17:30ean, hitzaldia emango du Mendonçak. Sorkuntzaren inguruko hausnarketak proposatuko ditu Denbora Topaketa horretan, eta elkarrizketa-testuinguru batean, “Zer-nolako denboratasunak bizi dira gure gorputzetan? Zer-nolako gertaera historikoak dauzkagu haragian itsatsita?”, galderak erantzuten saiatuko da.  Datozen egunotan ere ez da lantegi, hitzaldi eta koreografia sormenen aurkezpenik faltako.

Ekimen honek 1996an abian jarri, eta hamar edizio izan zituen Gazte koreografoen erakusketa du sorburu. 2006an Dantzan Bilaka programak hartu zuen horren txanda. Eta orain hamahirugarren edizioa izango da.
Dantzan Bilakaren bidez, laguntza eman nahi zaie hautatutako sorkuntza koreografikoko proiektuei, eta behar bezala bultzatu eta agerian jarri nahi dira. Aurtengo edizioko Dantzan Bilaka proiektuko lan taldea osatzen dute: Luciana Chieregati, Ion Munduate eta Asier Zabaletak koordinazioa lanetan. Kudeaketa lanetan ADDE, Euskal Herriko Dantza profesionalen Elkartea ibili da. Eta programaren antolaketa taldean Javier Andraka, Camila Tellez  eta Marian Gerrikabeitia izan dira arduradunak. Edizio honetan Bilboko Azkuna Zentroaren laguntza ere izan dute.

Egunez eguneko egitaraua eta informazio guztia daukazue, ADDE, Euskal Herriko Dantza profesionalen Elkarteak duen atari digitalean.

Exit mobile version