ESZENA

Dantza tailerra eta “Twist” dantza koreografia ikuskizuna, “Dantzaldia”-ren eskutik

Pasa den irailaren 26tik Bilboko Dantzaldia bere 20.urteurrenaren ospakizunean dabil, eta Nazioarteko Dantza Jaialdiaren programazioak dagoeneko hainbat ikuskizun eta lantegi eskaini ditu: ekialde hurbileko aireak ekarri zituen Duet Alandaren lan koreografikoak, Olivier Dubois paristar dantzariaren Pour sortir au jour pieza, Rocío Molinaren Impulso performance-laborategia, edota Thorus Arts Bartzelonako konpainiaren Not a moment too soon pieza.

Dantzarekin batera, bestelako jarduera paraleloak ere ondu dira eta publiko zabalarentzako hurrengo tailerra Taiat Dansa sortzaileen Dance Generation izango da (abenduak 9, 10 eta 11, EHU Bizkaia Aretoan).

Dance Generation proiektuak 25 bat interpreteren topaketa bat proposatzen du, parte-hartzaileek edozein adinetakoak izanda ere (hamar urtetik hasita eta adin mugarik gabe). Izena ematen dutenek, hartara, Taiat Dansako Meritxell Barberà eta Inma García koreografoekin lan egingo dute, erlazio batzuk jokoan jarriz: iraganaren eta orainaren artekoa, memoriaren eta ekintzaren artekoa, edota larrialdiaren eta eskarmentuaren artekoa, adibidez.  Nazioarteko topaketa honen sormen lan koreografikoa, gero, abenduaren 12an,  publikoaren aurrean aurkeztuko da (EHUko Bizkaia Aretoan, 19:00etan).

Tailerrean parte hartzeko, beraz, ezinbestekoa da izena aurrez ematea. Horretarako  La Fundicion aretoak duen webgunera jo dezakezu.

Eta bestetik, azaroaren 16an eta 17an, La Fundicion aretoan bertan, Twist, La Imperfecta konpainia madrildarren dantza-lana oholtzaratuko da. Twist intimitateari eta praktika fisikoaren bidez loturak mantentzeari buruzko pieza da, jolasari, intimitateari, generoari eta eraldaketari buruzko pieza eszenikoa, hain zuzen. Twister izeneko mahai-joko famatuak gorputzak elkar gurutzatu eta nahasteko aukera eman zuen, arriskua eta intimitatea ekarriz. Hortik abiatutako materiala egoera fisiko eta emozionaletara abiatzeko aitzakia da, izan ditzakegun harreman mota posible guztiak deskubritzeko”.

Alberto Alonso eta Clara Pampyn  interpretazioan, bi emankizun asteburuan: larunbatean,  azaroaren 16an, 20:00etan, eta igandean, azaroaren 17an, 19:00etan.

Informazio osoa duzue La Fundicioneko webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button