ESZENA

“Dantza Plazetan” programaren beste edizio bat abiatuko da Bilbon

Erromeria tradizionalak berriz izango dira Bilboko hainbat txokotan, geure dantzen erakusgarri eta geure tradizio kulturalari jarraipena emateko xedez. Hala, bihar, urtarrilaren 25ean, arratsaldeko 20:00etan, erromeria handia egingo da Alde Zaharreko Santiago Plazan.

Bilboko Udalak betidanik, erromeria tradizionalen, dantza erakustaldien eta kalejiren bitartez euskal folklore herrikoia bultzatu nahi izan du, eta horretarako Dantza Plazetan programaren hemeretzigarren denboraldia martxan jarriko du asteburu honetan.
Modu horretan, geure kulturari atxikiz, dantzariak, ikus-entzuleak eta zaleak geure dantza eta musikarekin gozatzera gonbidatu nahi ditu, “dantza tradizionalen alderdi parte-hartzailea berreskuratuz”.

Urte osoan Deustuko, Ibaiondoko, Begoñako, Errekaldeko eta Basurtu-Zorrotzako barrutietan banatuko diren 51 ekitaldiak antolatzeko, Bilboko Udalak hiriko zortzi dantza talderen laguntza izango du: Salbatzaile Dantza Taldea, Bihotz Alai Folklore Dantza Taldea, Gaztedi Dantzari Taldea, Ibai – Arte, Ondalan Erraldoien Konpartsa, Goi Alde, Beti Jai Alai eta Batasuna Arraizbide Dantza Talde, eta baita Deustuko Folklore Taldeak izenekoaren, 1. barrutiko taldeen koordinatzailearen, eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren lankidetza ere.

Diogun bezala, Dantza Plazetan programaren lehen saioa bihar, urtarrilaren 25ean, hasiko da Zazpi Kaleetako Santiagoko plazatxoan, arratsaldeko 20:00etan, Salbatzaile Dantza Taldearekin. Otsailean beste bi erromeria daude programatuta, 15ean, Deustuko San Pedro plazan eta 29an Santiagoko plazatxoan; horrez gain, Bihotz Alai Folklore Dantza Taldeak eta Beti Jai Alaik erakustaldiak eskainiko dituzte, eta Ondalan taldeak bi kalejira egingo ditu, erraldoiekin Deustun eta San Inazion.

Erromerien, erakustaldien eta kalejiren egutegi osoa hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button