ESZENA

“Dantza Hirian” jaialdia, dantza garaikideko erakusleiho bihurtuko da

Ostiralarekin hasiko da Dantza Hirian jaialdiaren 14. edizioa, mugaz gaindiko jaialdi ibiltaria eta gaur egungo dantza proposamenak eskaintzen dituena.

Irailaren 13tik 29ra, Irunen, Hendaian, Errenterian, Donostian, Pasaian, Baionan eta Hondarribian gauzatuko den edizioan 15 konpainiek euren koreografien emanaldiak eskainiko dituzte, eta horietatik 10 euskal konpainien obrak izango dira. Hala, LaRutan,  Kukai Dantza & Brodas Bross, Amaiur Luluaga, Dantzaz, Led Silhouette, Ziomara Hormaetxe,  Node, Proyecto Colectivo Hqpc eta Natxo Montero euskal eszenako konpainiek parte hartuko dute, estatuko eta nazioarteko beste konpainia batzuekin batera.

Programazioa mota guztietako pertsonentzat dago pentsatuta, eta dantza garaikidean gora egiten ari diren artisten nahiz entzute handiko artisten azken joeren aldeko apustua egiten du.

Hala, ostiralean, irailaren 13an, bi proposamen dakartza programazioak. Irunen arratsaldeko 18:00etan, 4 eta 12 bitarteko umeei zuzendutako marrazki tailerraren ondoren, LaRutan konpainiak, “ezerezetik sortzen eta abisurik gabe deika hasten den”  Out Of The Blue ikuskizuna eskainiko du, 19:00etan, Zabaltza Plazan. Eta 19:15etan, toki berean, “enparantza batean elkartzen diren lau gazteren istorioa kontatzen duen” Topa ikuskizun katalan-euskalduna, Kukai Dantza & Brodas Bross konpainiaren elkarlaneko sormena, hain zuzen. Ikuskizun hau, Acieloabierto Ezohiko Espazioetako zirkuituaren bitartez elkarlanean sortutako ikuskizuna da.

Bestalde, dantza garaikidearen sorrera, ikerketa eta hiri-eremuetako hedapena sustatzen dituen Aterpean programaren baitan, uztailean Biarritzeko Gare de Midi aretoan (CCN Malandain Ballet Biarritz konpainia) eta Dantzagunean (Errenteria) egindako egoitzen ondoren sortutako bi obra estreinatuko dira: J-AhO!, Amaiur Luluagarena, eta Ahotsak Ziomara Hormaetxerena.

Amaiur Luluagaren lehenengo sormen proiektu horretan, “subjektu eta komunitatearen arteko harremana lantzen da, giza desberdintasunak sortzen dituen erakusle nagusia den zorotasunetik barrena. Zentsutasuna eta zorotasuna…”.

Nazioarteko konpainien artean, Taiwango Hung Dance Konpainia nabarmenduko da, Birdy aurkeztuko baitu jaialdian, 2017an Masdanza Jaialdiko publikoaren saria irabazi zuena, eta 2017an Burgos – New York Koreografia Jaialdian, lehen saria bereganatu zuen ikuskizuna. Konpainia horrek, Masterclass bat emango du Errenteriako Dantzagunean irailaren 21ean, eta aukera bakarra egongo da Birdy ikuskizunaz gozatzeko:  irailaren 21 eta 22an (Donostia).

Informazio gehiagorako eta programazio osoa: dantzahirian.com

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button