IKUS-ENTZUN

“Dantza” filmaren bira, Argentinako hainbat hiritatik

Arrakasta biltzen ari den Dantza filma Argentinako zazpi hiritan ikusi ahal izango da gaurtik aurrera. Filma, Misiones hirian maiatzean ospatu den Entre Fronteras jaialdian, eta La Plata hiriko emanaldiaren ostean, Argentinara itzuli da berriz.

Buenos Airesen izango da gaur (urriaren 31an) lehen emanaldia, eta horren ostean, Rosario, Villa María, Mendoza, Necoechea, Tres Arroyos eta Bahía Blanca bisitatuko ditu filmak.

Dantza filma “tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat da. Asmo handiko sormen-apustu handia egin du zinemagileak film honetan; Koldobika Jauregi artistak zuzendu du bertan islatzen den unibertso estetiko eta bisuala, eta Juan Antonio Urbeltz ikertzaile eta folkloristak izan du koreografiak koordinatzeko eta ikuskatzeko eginkizuna”. Telmo Esnal zinegile zarauztarraren hirugarren film luzea da Dantza. Makina bat tokitan izan da ikusgai, eta bidaia luzeak egin ditu herrialde askotara, eta nazioarteko hainbat jaialditan hartu du parte.
Uda aurretik Estatu Batuetako zortzi herrietan zehar eginiko biraren ostean, bere nazioarteko ibilbidea jarraituko du. Azken hilabeteetan hainbat nazioarteko zinemaldietan egon da, Vancouver (Kanada), Shanghai (Txina), Viña del Mar (Txile), Nantes eta Cahors (Frantzia), Edinburgo (Eskozia) eta Ludwigshafen am Rhein (Alemania).

Argentinan burutuko diren emanaldietan Telmo Esnal zuzendaria eta Gari Otamendi dantzaria izango dira. Etxepare Euskal Institutuaren eta Argentinako Euskal Etxeen arteko  kolaborazioari esker antolatu da bira hau.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button