Nontzeberri

“Daimon y la jodida lógica” Matarile Teatroaren azken obra, Bilboko Azkuna Zentroan

Udazkeneko denboraldi eszenikoari hasiera emango dio Azkuna Zentroak bihar, urriaren 10ean, Daimon y la jodida lógica lanaren emanaldiarekin.

Ana Vallés eta Baltasar Patiñoren zuzendaritza artistikoa du obra honek bere atzean, Matarile konpainia galiziarreko sortzaileak, 30 ikuskizun baino gehiago eszenaratu, eta hogei sari eta aipamenetik gora eskuratu dituzten artistak. Sorkuntza hau gainera, Azkuna Zentroak programatutako egonaldi baten ekoiztutakoa da eta deialdi publikoaren bitartez bertan parte hartu eta aukeratutako zenbait artista izango dira obraren interpretazio lana oholtzaratuko dutenak.

Daimon y la jodida lógica lan berria patua dela azaldu dute Matarile konpainiako artistek  “kontzientziaren ahotsa, intuizioa, aingeru edo deabru, gelditzen edo bultzatzen duen barne-ahotsaren xuxurla”. Hala, “eman ahal diogu gorputz bat, presentzia ilun edo lankide bat; irudika dezakegu lagun egiten digun figura bat, ni ez dena, eta gure nia ukitu gabe geratuko litzateke, osorik”, azaldu du Vallés  zuzendariak antzezlanaren filosofiaz. Hala ere, aukeran gehiago interesatzen zaio “ni horretan ere badagoen  daimon-a, gure ni ulertezina; irrazionalarekin, misterioarekin, fantastikoarekin lotzen den gure aldea; ohiz kanpokora, salbatzen gaituenera, sublime denera edo eromenera zabaldutako atea”.

Obrako emakume protagonistaren azalean sartuta, “emakumea ez da inoiz izan zoriontsua; esan dezagun armairu baten barruan zer aurkitu zuten, jantzitegian; hitz egin dezagun filosofia-saiakeren ondoan bizi diren ileordez. Hitz egin dezagun gosariez, zigarroez, eskuez, aterpez, beharbada katuaz, ahots hartaz; axola duten gauzez”, gaineratu du Vallések.

Daimon y la jodida lógica lanarekin  formatu handiko antzezlan bat egitera bueltatu da  Matarile konpainia hiru hamarkadaren ondoren. Hala ere, konpainiaren ezaugarri nabarmena da eszenatokietan berrikuntzak egitea. Hala, ikuskizun berrian 14 pertsona igoko dira agertokira eta musika ekoizpena ere modu berezi baten lantzen da, bere sortzaileak agertokian agertzen baitira. Era horretan, instrumentuen zolitasunaren aldakuntzak denbora errealean ematen dira. Argiztapena ere berezia izango da, Matarileren  obren kalitatearen beste ezaugarri nabarmena. Hartara, beste atmosfera gisa funtzionatzen du lan honetan argiztapenak  eta “gune elokuente” deitu zaion gunea sortu da.

Hitzordua, bihar, urriaren 10ean, 19:30ean, Azkuna Zentroko Auditoriumean.

Informazio gehiago Azkuna Zentroak duen web atarian duzue.