MUSIKA

Cró! talde galiziarrak hiru kontzertu egingo ditu gurean

Vigo hiriko laukoteak hiru kontzertu emango ditu Euskal Herrian hil honetan, Pera (Itaca Records) izenburuko diskoa aurkezteko: 22an, Egoibarko Sotoan izango dira; 23an, Lezoko Txerrimuñon; eta, azkenik, 24an, Gorlizko Xurruten. Zuzenekoetan, gainera, ikus-entzunezkoak erabiltzen dituzte.

Cibran Rey (bateria), David Santos (baxua), Ruben Abad (gitarra) eta Xabier Nuñes (teklatua) musikariek osatzen dute Cró! rock banda. 2013an, Bilbo Hiria Pop Rock lehiaketa irabazi zuten, pop-rock atalean.

Taldearen doinuetan askotariko eraginak biltzen dira: rock progresiboa, esperimentala, grunge-a eta math-rocka, besteak beste.Grunge eztandan sortutako Soundgarden edo Screming Trees taldeekin pareka daiteke galiziarren proposamena. King Crimson eta Radiohead taldeen artean dagoen esparru lausoan ere aritzen direla esan dute zenbait ahotsek.

Bada, laster, gurean izango dira zortzi doinu biltzen dituen Pera lan berria aurkezteko. Disko hori iragan martxoaren amaiera plazaratu zen, eta Brazil izeneko estudioetan grabatu zen, Javier Ortiz teknikariaren zuzendaritzapean. Aurretik beste bi disko argitaratu dituzte: Cró! (2009) eta Onkalo (2012).

Elgoibarko kontzertua Sinuosek antolatu du, eta honatx banda galiziarraren inguruan zabaldu duten oharra: “Rock, jazz eta bideosorkuntzaren batuketa garrasia da. Zuzenekoan lau musikariren fluxua eta bideo artistaren komunikazio hartu-emana da, esperientzia bakar eta paregabe bat sortuz kontzertu bakoitzean”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button