BERTSOTAN

Xilabaren finalaurrekoetara begira

Muskildin jokatu da larunbat honetan 2016ko Xilabako bigarren eta azken kanporaketa Aitor Servier, Xumai Murua, Eneritz Zabaleta, Maddi Sarasua, Battitt Crouspeyre eta Ortzi Idoate bertsolariekin.

Bertsularien lagunek Muskildin izan zenaren gaineko kronika eder hau bidali digute bertako euskaraz:  “Saioa hasteko, 8ko haundian, elgarrizketa pollita Izan zuten Aitor eta Eneritz erakasleek, bat erretretara zoala eta bestea, semea, ofizio berean hastear. Bidea ezberdina izanik ere, helmuga berari begira kokatu ziren. 8ko ttipian gogoan egon zaigu Xumai, entrenatu gabeko trailaria Larrungo patarretan gora ari zela, osoki prestatua Eneritzi oraindik etzuela gibelean utzia gogorarazten. Battitt eta Maddik osatu zuten ofizioan berriz, sortu berriak ziren haurren aitak zirenean, opor egunak familian iragan nahi zituenak ihizira zoanari haurrari plastikazko eskopeta eskaintzea gomendatu zion. Puntu erantzunak eta hitza izan zituzten ondotik egin beharreko lanak eta besteak beste, Xumaik hilabetekoak hitzari, Aitorrek azala-ri, eta Maddik arbela-ri kantatutakoa izan ziren tarteko. Kopletan entzun ziren lanak fresko ta irringarriak izan ziren. Aitor eta Xumai biharamuneko ezkontzarako erosi beharreko kravataren kolorearekin dudan agertu ziren. Battitt eta Eneritzek berriz, Mauleko apartamendu batean alokatze garaia bukatu aintzineko itzulia egiten zutela, tokiko erreferentziz emokatu zuten kantua, Pitxu, kantiniertsa ta Zinkako gora beherak aipatuz, xiberotar publikoa loriatuz. Ortzi eta Maddi azkenik, Ortzik erretretan denetik lanetik sartzen den Maddi emazteari egunero prestatzen dakon arroltze moletaren kolesterola eta biper beltza zuten aipagai, Ortzik zonbeit hilabete barne barazkien kozinatzen ikasiko zuela hitzemaiten zuela Azken agurrak izan ziren bai alai ta bai hunkigarri, Ortzik duela bi urte zendu zen Aitor Renteria bertsuzalea gogoratu zuenean hain zuzen ere. Ondotik ezagutu ginuen saioko sailkapena eta finalaurrekoetara joanen diren 9 bertsularien izenak”

Hala, urriaren 8an Baigorrin, Plaza Xoko gelan kantatuko dute arratsaldeko bostetan bertsolari hauek: Sustrai Colina, Odei Barroso, Miren Artetxe, Xumai Murua, Aitor Servier eta Egoitz Zelaia. Finalaurrekoetako lehen itzuliko bigarren saioa Izturitzeko Herriko Gelan jokatuko da, urriaren 15ean, arratsaldeko 17:00etan, bertsolari hauekin: Maddalen Arzallus, Amets Arzallus, Eneritz Zabaleta, Ramuntxo Christy, Nahia Sasco, eta Maddi Sarasua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button