MUSIKA

Cosmonauts estatubatuarren psikodelia entzungo da Donostian

Amerikako Estatu Batuetako Cosmonauts banda psikodelikoak Donostiako Egia auzoan dagoen Le Bukowski musika klubean joko du irailaren 11n. Cosmonauts-ekin batera, Galiziako Jay taldeak joko du. Emanaldia 20:00etan hasiko da.

Donostiako Ayo Silver promotoreak ondu du kontzertua, eta irailaren 20an Intxaurrondoko Kultu Etxean egingo den Txiki Psych Fest jaialdiaren aurkezpen kontzertua izango da. Jaialdi horretan doinu psikodelikoak jorratzen dituzten zenbait taldek joko dute: Telescopes eta One Unique Signal ingelesak; Moon Duo estatubatuarrak; Siesta espainiarrak; eta azkenik, El Desvän del Macho euskaldunak.

Cosmonauts taldeari dagokionez, kaliforniarrek psikodelia, pop, punk eta garage-rock erritmoak uztartzen dituzte euren proposamenean. Ahots batzuek esan dute morfina hartu duten Beach Boys-en soinua daukatela. Persona non grata izenburuko hirugarren lan bikaina ekarriko dute Donostiara, zeina Ayo Silver promotorearen bitartez ere lor daitekeen. Diskoan melodia lisergikoak eta itsaskorrak dira nagusi.

Jay laukotea, berriz, Galiziako La Seara herrikoak dira, eta iragan apirilean Vacaciones en Vietnam izenburuko lana argitaratu zuen Discos Humeantes diskoetxe gomendagarriaren laguntzarekin. Galiziarrak psikodelia zaratatsua jorratzen dute, Can eta Sonic Youth taldeetatik edaten dute, besteak beste.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button