Nontzeberri

“Clown Zorrotza” jaialdia asteburu honetan izango da

Zirku-ikuskizun dezente izango dira egunotan Bilbo aldean. Alde batetik Zirkualde ari da egiten eta bestetik, Bilboko Udalak antolatutako Clown Zorrotza jaialdia Zorrotzako azoka-parkera helduko da irailaren 18an eta 19an. Egun horietan, bertako bizilagunek lau proposamenez gozatu ahal izango dute.

Irailaren 18an abiatuko da ekimena,  18:30ean, Maite Guevara aktorea, pailazoa eta irakasleak egingo duen Qué buen día ikuskizunaren aurre-estreinaldiarekin. Protagonistak frogatuko du amets egiten duenak eta begiak ondo irekitzen dituenak aukera ugari dituen mundua ikus dezakeela. Horren ostean, 19:30ean, Hortzmuga Teatrok Jule proposamena eskainiko du. Beti gozatu behar da ametsekin, direnak direla eta ezinezkoak diruditen arren, begiak zabal-zabalik.

Hurrengo egunean, irailak 19, 18:30ean, Sempre Arriba konpainia galiziarrak C’est pas Possible ikuskizuna egingo du. Ikuskizun honetan agerian jartzen da gutako asko bikoiztasunean bizi garela.  Geroago, 19:30ean, Malas Compañias taldeak Prozak obra eskainiko du. Lan horrekin, artistek egoera zentzugabeen unibertso batean murgilduko dituzte ikusleak.

Ohi bezala, osasun-protokoloak zorrotz beteko dira ekitaldi guztietan.