Nontzeberri

Clown ikuskizunak izango dira asteburuan Bilbon

Clown Zorrotza egitarauren laugarren edizioa egingo da maiatzaren 10ean eta 11n Bilboko Zorrotza auzoan. Nalúa eta Ganso & Cía euskal taldeek, Greogor Wollny clown alemanak, eta Belgikako Gromic konpainiak hartuko dute parte Azoka plazan garatuko den programan. Ikuskizunok Kultura Kalez Kale programaren baitan daude.

Maiatzaren 10ean, ostirala, Nalúa konpainiak El gran fakir izeneko lana aurkeztuko du, 18:30ean. Ikuskizuna fakirren lanari buruzkoa da. Ordubete geroago, 19:30ean, Belgikako Gromic taldeak clown teknikak eta magia uztartuko ditu The magomic show ikuskizunean.

Larunbatean, maiatzak 11, Ganso & Cía euskal konpainiak Mediopelo lana antzeztuko du. Komedia eszentrikoa eta bizia da, eta krisi ekonomikoa du ardatz. Clown Zorrotzaren aurtengo edizioa 19:30etan amaituko da Greogor Wollny clown alemanak egingo duen lanarekin: “Greogorrek desberdina izan nahi du, eta gauzen handitasuna gauza horien sinpletasunean aurkitu nahi du. Ez du gauza askorik edo tresna konplexurik behar. Horrela, Brot und spüle lanean taula xume bat animalia basati edo tximeleta ikusgarri bilakatzen da, eta ikuskizuna hasten den unetik ikus-entzuleen bihotza bereganatzen du”.

Exit mobile version