MUSIKA

“Bas(h)oan”, Bilboko Kafe Antzokian

Amerikar Estatu Batuetako Robbie Basho (1940-1986) gitarra jotzailearen ondarearen inguruan ardaztu dute Bas(h)oan (Elkar) Beñat Achiary, Joseba Irazoki eta Julen Achiary musikariek. Hirukoteak kantu propioak eta moldaketak tartekatu ditu diskoan. Bada, ostegunean, Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute lan hori hiru musikariek , 21:30etik aurrera.

Bas(h)oan  grabazioak oso kritika onak jasotzen ari den, esaterako, Andoni Tolosa Musika kritikariak iazko lan onenen artean paratu du: “Disko hau zubi bat da, 1970eko belaunalditik datorren esperimentaziotik mende berriarekin sortutakora. Axiaritik Irazokira doana. Hemen dena da deskubrimendu, jolas, intuizio eta amets. Diskoa osatzen duten hamabi kantuetan zuberotar kantuetatik, Ipar Amerikako folk-rock garaikidera jo daiteke, ardien ezkilak eta slide gitarrak kantu bakarrean lotuz”.

Bashoren atzean Daniel R. Robinson musikaria dago, XVII. mendeko poeta japoniar bati goitizena hartu ziona. Folk kantaria zen, gitarra akustikoarekin agertu zen lehenetarikoa. Bere musikak, kutsu mistikoa duenak, eragin handia izan du AEBetako musiketan.

Honela azaltzen dute Bashoren ondarea Bas(h)oan diskoan bildutako liburuxkan: “Disko honen gogo argitzailea Robbie Basho musikari paregabea dugu. […] Kantari honek Ameriketako musikaren zerua zeharkatu du izar-iduri poetiko baten antzera. Gitarrista liluragarria, folkaren mugetatik at doana. Amerindiar, persiar baina Indietako musiketarik bilaketa hazten duela, kantari hunkigarria da, bere ahots zirraratzailearekin. Robbie Basho aingeru bat da”.

Hala, esperimentaziotik eta inprobisaziotik abiatuta, diskoak “herri musikarentzat bide berriak” luzatzen ditu.  Bashoren abestiak bost dira, zeinak Itxaro Bordak euskaratu dituen; jatorrizko hizkuntzan kantatuak ere badira, ingelesez alegia. Gero, beste sei kantu berri daude.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button