ESZENA

Circle of Trust & Logela taldeek “Nagare” aurkeztuko dute Berrizen

Datorren larunbatean, Berrizen, 20:00etan, Circle of Trust & Logela taldeek dantza urbanoa eta multimedia uztartzen dituen Nagare lana aurkeztuko dute.

Lana zertan den azaltzeko, honako lerro ederrak izkiriatu dituzte taldekideek: “Jaiotzen garenetik, inguruan dugun guztiak itxuratu, moldatu eta zizelkatu egiten gaitu, ibaiaren korronteak bere ibilguko haitzak hondeatzen dituen bezala. Batzuetan, kostatu egiten zaigu gurekin bat egin nahi duten eraginak sumatzea. Izan ere, ura bezalakoak dira horiek: poliki-poliki lekualdatu eta norabide jakin batean mugiaraz gaitzakete ia oharkabean, haien laztanen artean leunki kulunkatzen garen bitartean. Inguratzen gaituzten korronteen alaba da eragina; batzuetan, gu eramaten uzten diegu eta, beste batzuetan, kontrako norabidean egiten dugu igeri. Dena dela, inork ere ez du jada bere jatorria oroitzen. Eta, egia esan, ez du axola, eragin horrek dagoeneko hartu eta markatu egin baikaitu, eta bere aztarna gugan inprimaturik utzi baitu”.

Circle of Trust Estatuan eta nazioartean break dance-aren panoraman erreferentziazkoak diren gazte zaragozarrek osatu zuten konpainia 2002an, kale-zulotik dantzaren maila profesionalean jarduteko helburuz.
Logela kolektiboko kideak arte digitaleko hainbat diziplinetako sortzaileak dira (bi musikari informatikari eta bi bideo-sortzaile). Produktu digitalak sortzea eta eszenaratzearekin bateratzea da Logelaren helburua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button