IKUS-ENTZUN

“Cinegourland”, gastronomia eta zinema

Zinea eta gastronomia uztartzen dituen Cinegourland Jaialdiaren V. edizioa abian da Getxon. Hala, ekainaren 9a bitarte, sukaldaritza ardatz duten hainbat film ikusi ahalko dira Bizkaiko kostaldeko herri horretan.

Proiekzioez gain, beste hainbat jardunaldi ere atondu dituzte antolatzaileek, ibilaldiak, kontzertuak eta bestelakoak. Jaialdiaren azken partean, gainera, Cinéfilos & Gourmets sariak banatuko dira Sanjoseren Jauregian.

Atzo, ekainak 7, hasi zen jaialdia Mugaritz BSO filmaren emanaldiarekin, besteak beste. Halaber, gaur, ekainak 8, 20:00etan American Cuisine emango dute eta 22:30ean, berriz, Solo Postres. Goizean, aldiz, haurrentzako filma ere izan da, Pastel Magikoa, hain zuzen ere. Proiekzioak Andres Isasi Musika Eskolan (Areeta) egiten dituzte.

Ekitaldi gastronomikoei dagokienez, gaur, Sanjoseren Jauregian (Areeta), Cinéfilos & Gourmets sariak banatuko dira, eta bihar, ekainak 9, inguruko txokoek bakailaoa klub ranero erara lehiaketan parte hartuko dute, eta gero, IV. Zine Pintxo edizioko irabazleak iragarriko dituzte eta haien jakiak dastatu ahal izango dira. Azken ekitaldi hori, Areetako Eskolen Plazan egingo da eguerdi partean.

Egitarauaren xehetasun guztiak cinegourland.com webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button