BERTSOTAN

Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren jaia

Jai ederra egingo dute ekainaren 17an Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren inguruan ibili direnek. Goizean poteoarekin girotuko dute ekimena, eta bazkaldu ostean bertso saio bat antolatu da. Horren ostean, Erre. Aldarri Bat Bertsoz ikusgarriaren azken emanaldia egingo da Plateruenan. Saioan Haizea Arana, Oihana Arana, Aner Peritz eta Leire Vargasek parte hartzen dute. Mundua bereizteko eta jendea sailkatzeko baliatzen diren etiketok eskaintzen duten markoa egokia izan daiteke norbere gorputzak, eta baita bertsolaritza ere, zeharkatzen dituzten hainbat fenomenori buruz hausnartu eta sortzeko. Hortik abiatuta, aipatutako dualismoetan hausturak proposatzen ditu eRRek, bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotuz.
Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute emanaldia, baina antzerkia, eta helduentzako ipuin-kontaketa eta poesia dira bertan agertuko diren beste elementuak.
Genero-ikuspegia ardatz hartuta, hainbat gai aztertuko dira bertan, tartean, LGTB+ kolektiboak arauaren baitan hartzen duen lekua, gazte izatearekin lotutako zapalkuntzak, eta horiek bertsolaritzan hartzen duten forma.
Hamar piezek osatzen dute emanaldia, non hainbat galdera planteatzen diren, hala nola, “Zer da burua gorputzik gabe? Bizitza heriotzarik gabe? Zer da natura kulturarik gabe? Eta emakumea gizonik ez bada? Guztiak bi; bata beti bestearen muga eta definizio. Baina inoiz ez berdinetik berdinera. Erre ditzakegu kategoriak batak bestea erre beharrean?”

Durangon eta Amasa-Villabonan elkartu dira hilero ikasturte honetan Ahalduntze Bertso Eskola Feministako kideak. Hilabetero larunbat bat elkarrekin pasatu dute parte hartzaileek eta eskoletan kantatu, hausnartu, estrategiak elkarbanatu eta zalantzak eztabaidatzeko baliatu dute. Taldeak sendotasuna eta konpromisoa hartu ditu, eta datorren urtean ere izango du segida Ahalduntze Bertso Eskola Feministak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button